Zazpi kontzertu izango dira Tolofolk musika jaialdian

Zazpi kontzertu izango dira Tolofolk musika jaialdian Gaurtik igandera bitarte izango dira emanaldiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zazpi-kontzertu-izango-dira-tolofolk-musika-jaialdian/@@download/image/IMG_0796.jpg
2024/04/04
Gaurtik igandera bitarte izango dira emanaldiak.
Zazpi kontzertu izango dira Tolofolk musika jaialdian

Gaur hasiko da JeaJeaka kultur elkarteak antolatutako Tolosako Tolofolk musika jaialdiaren laugarren edizioa. Kultura herrikoiari oihartzuna eta indarra, eta folk musikariei ikusgarritasuna emateko helburua du jaialdiak.

Musika modalitate ezberdinetako Euskal Herriko eta nazioarteko artistak izango dira jaialdian, Armenia, Okzitania, Katalunia edota Kantabriakoak. 

Guztira zazpi emanaldi izango dira gaurtik igandera. Hovhannes Karakhanyan artista armeniarrak ‘Duduk’ munduko instrumentu zaharrenetarikoa dena joko du gaur, 19:00etan, Berdura Plazan. Hirukote formatuan arituko da, gitarra eta perkusioaz lagunduta.

Bihar, ostirala, Maider Martineau eta Lolita Delmonteil-Ayral bikoteak hainbat herrialdetako kantak joko ditu, eskusoinuz, perkusioz eta haizezko instrumentuz lagunduta. Era berean, gauean, musikari euskaldunez eta kubatarrez osatutako La Jodedera taldeak bi herrialdeetako doinu eta erritmoen fusioaz osaturiko emanaldia eskainiko du. 

Larunbatean, kalea girotzeko dultzaineroak, txistulariak eta txarangak ibiliko dira eguerdian. Arratsaldean, berriz, Pandereteras de Ruente eta Balkan Paradise Orchestra arituko dira Plaza Berrian.

Xabier Zeberio tolosarrak ere emanaldi berezia eskainiko du igandean, laukote formatuan, Arineketan bikotearekin eta Alejandro Saul Martinez biolontxelo-jotzailearekin batera.