Zazpi kontzertu izango dira Gasteizko Belar Sounds-en
Montehermoso Kulturunean Belar Sounds jarri du martxan beste behin eta doako musika emanaldiak izango dira Falerina Lorategian, ekainaren 24tik irailaren 16ra, arratsaldeko zazpietatik aurrera.
Bihar izango da lehen kontzertua, AC The Band taldearekin. Asier Crespo abeslari eta gitarra-jolearen bakarkako lehen proiektua da, eta Javier Rodríguez baxu-jotzailearekin, Esteban Isusi bateria-jotzailearekin eta Javi Free teklistarekin batera aritzen da. Uztailaren 1ean izango da bigarrena, eta Bilboko 4 Villains arituko da. Metal melodikoa eta rock abestiak eskainiko dituzte.
Micky & The Buzz izango da Falerinan abuztuaren 19an, jump-blues eta rock & roll klasikoaren banda. Hil horretan bertan, 26an, Gasteizko The Brontës hirukoteak joko du, pop melodikoa eta rocka egiten dutenak.
Irailean, berriz, hiru emanaldi egingo dituzte. Hilaren 2an Janus Lester izango da, arima beltza, erritmo sinkopatuak, elektronika eta funka nahasten dituena. Gonzalo Portugalen txanda izango da 10ean, eta bakarkako ibilbideko On My Way EPko kantuak aurkeztuko ditu. Azkenik, 16an, Adormiderak itxiko du programazioa. Tamara Martínezen izen artistikoa da, rock eszenaren eta egile-abestien sorpresa handietako bat.
