Zazpi film proiekzio izango dira Donostiako Zinemaldi Alternatiboan

Zazpi film proiekzio izango dira Donostiako Zinemaldi Alternatiboan Bihar 'Seguí, historia de un anarcosindicalista' emango dute Intxaurrondon. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zazpi-film-proiekzio-izango-dira-donostiako-zinemaldi-alternatiboan/@@download/image/3bfcd444-94fb-40d0-876d-98d5c7d4cda8_alta-libre-aspect-ratio_default_0.jpg
2023/09/21
Bihar 'Seguí, historia de un anarcosindicalista' emango dute Intxaurrondon.
Zazpi film proiekzio izango dira Donostiako Zinemaldi Alternatiboan

Hamabosgarren edizioa izango du Donostiako Zinemaldi Alternatiboak eta zazpi film proiektatuko dira bihartik irailaren 30era bitarte. Zinemaren bidez gogoeta kritikoa sustatzea dute helburu, gizarte-gaiei eta hainbat gatazkari buruzko lanak eman eta eztabaidan jartzea, "pentsamenduak eragin eta arazoei aurre egiteko bitarteko komunak irudikatzea".

Donostiako beste mugimendu sozialekin elkarlanean antolatu dituzte emanaldiak, hala nola Marruma Kulturalak, Herri Kurduaren Aldeko Donostiako ekimena, eta Añorgako kultur taldea. Bi elkarlan nabarmendu dituzte bereziki. Batetik, EHUN mugimenduak etxebizitzarekin dauden arazoak salatzeko Sert plazan egingo duen kanpaldiarekin bat egingo dute eta larunbatean, hilak 23, Habitar la utopia pelikula emango dute. Bestetik, Manteo eta Zemoria parkeen defentsan ere azalduko dira, udal gobernuak bertan eraikitzeko asmoa duen Gastronomy Open Ecosystem proiektuak eragingo duen berdeguneen suntsiketaren aurka. Uliako Auzo Elkarteak abiatu duen Zu gabe, parkeak kentzen dinamikarekin bat egingo dute eta irailaren 29an Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala eskainiko dute.

Hauek izango dira egingo dituzten proiekzio guztiak: bihar, 20:00etan, Intxaurrondoko Letaman gaztetxeko terrazan, Seguí, historia de un anarcosindicalista (Gonzalo Mateos, 2023); larunbatean, 20:00etan, Antiguako Sert plazako Akanpadan, Habitar la utopia (Mariano Agudo, 2014); irailaren 25ean, 20:00etan, Añorgako Harrobi plazan Peregrino modernoen oporrak (Aimar Uribesalgo, 2021); irailaren 27an, 17:30ean, EHUko Arkitektura eskolan, Citizen Jane (Matt Tyrnauer, 2016); irailaren 28an, 20:00etan, Antiguako Txantxarreka gaztetxeko terrazan, Berfin (Özlem Yaşar, 2019); irailaren 29an, 20:00etan, Groseko Manteo parkean, Jainkoak ez dit barkatzen (Josu Martinez, 2018); eta irailaren 30ean, 17:30ean, Groseko Marruma Elkartean, Bi arnas (Jon Mikel Fernandez Elorz, 2022).