Zazpi emanaldi izango dira ostegunean hasiko den Iruñeko Bertsoaroan

Zazpi emanaldi izango dira ostegunean hasiko den Iruñeko Bertsoaroan Bertso jaialdiarekin hasiko da ostegunean, eta bertso afariarekin amaitu, martxoaren 1ean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zazpi-emanaldi-izango-dira-ostegunean-hasiko-den-iruneko-bertsoaroan/@@download/image/image_preview.jpeg
2024/02/05
Bertso jaialdiarekin hasiko da ostegunean, eta bertso afariarekin amaitu, martxoaren 1ean.
Zazpi emanaldi izango dira ostegunean hasiko den Iruñeko Bertsoaroan

Bertsoaroaren 33. edizioa ostegunean abiatuko da, eta martxoaren 1era arte iraungo du. Zazpi emanaldi izango dira guztira, bertso saioak, tailerra eta bestelako ikuskizunen bat ere tartean direla. Dom Campistron ilustratzaile grafiko eta marrazkilariak egin du aurtengo Bertsoaroaren irudia. 

Bertso jaialdiarekin hasiko da zikloa, ostegunean, 19:00etan. Alaitz Rekondo izango da gai-jartzailea eta honako hauek arituko dira bertsotan Nafarroako Antzerki Eskolan: Saioa Alkaiza, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, eta Ekhiñe Zapiain. Saioa hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean, Iruñeko IV: Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa egingo dute.

Otsailaren 14an, Oihana Iguaran bertsolariaren eta Amaiur Luluaga dantzariaren AMAraun ikuskizuna izango da. Amatasunaren inguruko hausnarketa egiten du eta hainbat baliabiderrekin kontatzen dute: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, eszena… Emanaldia 19:00etan izango da, Antzerki Eskolan.

Bertso Jasa, bat-bateko jolasa bertso-saioa ere antolatu dute otsailaren 17rako. Haur eta gaztetxoei zuzendutako saioa izango da eta haiek, jolas eta ariketen bidez, gaiak eta egoerak proposatuko dituzte, Ekain Alegre eta Idoia Granizo bertsolariek saioa osa dezaten. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra da, eta parte hartzeko aurrez eman behar da izena nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatzita edo 948143747 telefono zenbakira deituta, otsailaren 15a baino lehen. 

Beste bertso jaialdi bat ere izango da otsailaren 22an. Andoni Egaña, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Saats Karasatorre, Jone Uria eta Ane Zuazubiskar arituko dira bertsotan, Ainhoa Larretxearen gidaritzapean. Saioa 19:00etan izango da, Nafarroako Antzerki Eskolan.

Biharamunean, otsailaren 23an, bertsolari gazteen saioa izango da LABAn, 19:00etan. Sabin Abarrategi, June Aiestaran, Janire Arrizabalaga, Kattin Madariaga, Eki Mateorena eta Jon Mendiluze izango dira bertsotan eta Ainhoa Larretxea gai-jartzaile lanetan.

Otsailaren 28an, saio berezia izango da. Hamar autorek idatzitako eta Consonnik argitaratutako Zirriborroak eta gero ipuin bilduma oinarri hartuta, bertso saio espekulatibo futurista egingo dute. Maite Berriozabalek jarriko ditu gaiak eta Miren Amuriza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga arituko dira kantuan. Antzerki Eskolan izango da, 19:00etan. 

Geltokin martxoaren 1ean egingo den bertso afariarekin itxiko dute egitaraua. Maialen Lujanbio, Sarai Robles eta Julio Soto arituko dira bertsotan, Ander Aranburuk gidatuta. Sarrerak Geltokiko webgunean eros daitezke, 28 euroan, eta bertan kontsultatu daiteke menua ere. 

Antzerki Eskolan egingo diren lau emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute -14 urte artekoen kasuan, doan-, eta lauentzako bonoa eskuratu ahal izango da, 15 eurotan, antzokiaren webgunean. Gazteen bertso saioak sarrera librea izango du, aforoa bete arte.