Zazpi egun, irla desertu bat, nahi beste film ikusteko aukera

Koronabirusaren pandemiak gogor jo ditu hainbat sektore, eta kaltetuenen artean dago zinema, gainontzeko arte eszeniko eta kultur ekimenekin batera. Kultura segurua den leloak ez du jendea guztiz konbentzitu, eta dagoeneko zailtasunak zituen kultur arloa oraindik ere sakonago irauli da zulo beltzean. Aldi berean, zinemak aurrera jarraitzeko aukera topatu du erabiltzaileen etxeetan, eta hala, salako telebista zinema areto bihurtu da azken urtean. Baina, eta zer egin zinema jaialdiekin?
Jaialdi gehienak atzeratu egin dira edo ia birtualak bilakatu dira, baina Goteborgeko Zinema Jaialdiak harago joan nahi izan du, muturreko proposamen originala aireratuz; hala, Eskandinabiako zinema jaialdi esanguratsuenak pertsona bakar bat gonbidatuko du zazpi egunez jaialdiko film guztiak ikusi ditzan. Aretoa? Hamneskär irla desertua.
Hamneskärren eraikin bakarra topatu daiteke, Pater Noster itsasargia. Jaialdiaren antolatzaileen arabera, gonbidatu berezi honek ez du inolako konpainiarik izango astebetean, soilik itsasoaren urruma eta jaialdiko filmak. Telefonorik ez, lagun eta seniderik ez, 60 film eta 7 egun bakardadeaz gozatzeko. Antolatzaileen esanetan, pandemiak erakutsi digu isolamenduak modu ezberdinean ikustarazi dizkigula gauzak, tartean filmak.
Eta nor izango da esperientzia hau bizitzeko zorteduna? Jaialdia zinema zale amorratu baten bila dabil, irlan bizitako esperientzia bideoblog batean egunero jasoko duena eta emozionalki zein psikologikoki esperientzia honi aurre egiteko prest dagoena. Trukean, bapo jan eta edateko aukera izango du, lo egiteko ohea izango du eta noski, baita 60tik gora film ikusteko aukera ere. Proposamenari The isolated cinema izena jarri diote, eta isolamendua urtarrilaren 30etik otsailaren 6ra egingo dute, klima baldintzen arabera. Izena ematera ausartzen bazara, egin klik hemen!