Zazkel, Estudioan

Zazkel, Estudioan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/16
elkarrizketa
Zazkel, Estudioan
Taldearen izena: Zazkel.
Taldekideak: Etxahun Arregi (ahotsa eta gitarra), Jon Tolosa, Tolo (gitarra eta koroak), Asier MM (bajoa), Irati Arregi (Ahotsa), Txosk (teklatuak) eta Axierito (bateria).
Diskoaren izena: Zehazteke.
Estiloa: Pop.  
Diskoaren argitaratze data: 2016ko maiatza-ekaina.
Estudioa: Garate.
Teknikaria eta masterizazioa: Kaki Arkarazo.


Euskal pop erradikala egiten duen musika talde gisa definitzen duzue zuen burua. Pop erradikala?
Rock erradikaletik pop erradikalerako trantsizioan gaude. Popa ere erradikala izan daiteke. Izan ere, ‘erradikala’ izateak erroetara lotuta dagoela esan nahi du eta gu erroetara goaz. Musika erradikalak ez du zertan gogorra izan. Eman nahi diozun zentzuaren araberakoa izan daiteke, sintentizadoreak ere erradikalak izan daitezke. Zergatik ez?

‘Beta’ bost abestiz osatutako lehenengo maketa kaleratu zenuten iaz eta orain zuen lehenengo lana grabatzen zabiltzate. Zein momentutan zaudete?
Udaberri eztanda batean gaude murgildurik. Denbora luze daramagu lan potente bat inkubatzen eta iritsi da lehertzeko momentua.

Lanean saskelak ala txukunak?
Gu lanean jende fina gara baina letretan zikin puntu bat dugu, lizunak. Zazkel tribu dantza esaterako, nahiko abesti pikantea da. Beti dantzarako eta igurtzietarako aitzakiak eta doinuak bilatzen gabiltza.

Hamar kantek osatzen dute lan berri hau, izenik badu?
Momentuz ez dugu izenik pentsatu. Ez dugu burua gehiegi hautsiko. Guk musika eta disenuan emango dugu denbora eta energia inbertsio gehien.

Zeren inguruan arituko da?
Gaiak aurreko lanaren antzekoak izango dira: dantza, kritika soziala eta fantasia.

Nolakoa izango da zuen aurtengo uda? Ba al duzue zuzenekoren bat lotuta datozen hilabeteetarako?
Espero dugu aurtengo uda ezberdina izatea. Nahi baino zuzeneko gutxiago lotuta ditugu baina Bilboko Aste Nagusian hainbat txosnatan jotzeko aukera izango dugu eta etxean jotzeak ilusio handia egiten digu.

Noiz eta non izango dugu aurrerapenen bat entzuteko aukera?
Gure sare sozialetan eta Bandcampen jarriko dugu diskoa atera orduko. Guretzat inportanteena kontzertuak ematea da. Diskoak saltzeari ez diogu  garrantzi handirik ematen, diskoa egiteko inbertitu dugun dirua berreskuratzeko, besterik ez.

Autoekoiztutako lana izan da. Nolakoa izan da sosak biltzeko prozesua?
Hasieratik argi izan dugu diskoa bere osotasunean gurea izatea nahi dugula. Horregatik autoekoiztua izatea erabaki genuen, horrek promoziorako lan handiago suposatzen badu ere. Crowfounding bat martxan jartzea pentsatu genuen baina lortutako diruaren parte bat zergak ordaintzeko bideratu behar genuela jakin genuen eta horrek guretzat ez du zentzurik. Izan ere, plataforma honetan dirua eskatu nahi genuen, batere ez geneukalako!

Duela 30 urteko soinua duzue. Zuen itxurak ere 80ko hamarkadarekin bat egiten al du? 
Gutako batzuek besteek baino barneratuagoa dugu 80ko hamarkadako itxura, eta oraindik lana badugu eszenaratzean...

Zeintzuk izan dira elikatzeko erabili dituzuen musika iturriak?
Pila bat. Delirium, Itoiz edota Hertzainak bezalako taldeak podiumaren gainean kokatzen ditugu. Baita musika beltza ere, Fela Kutiren afro beata...

Zer nolako erreakzioa izaten duzue trikitronpetak edo ska jasangaitza entzuten duzuen bakoitzean?
Aspertu egiten gara. Musika onarekin ez dugu alkoholik edan behar ondo pasatzeko. Gaur egungo txosnen giroa latza da. Ska gustuko dugu eta horregatik uste dugu jartzen duten hori ez dela ska musika, guztiaren errefritoa baizik. Azkenaldian talde askok akorde sekuentzia antzekoak erabiltzen dituzte eta tronpetak sartzeko formularen moda jarraitzen dute. Musika mota hau sinpleegia iruditzen zaigu, ez digu ezer transmititzen.

Herri aspertu honentzako errebantxa aldarrikatu izan duzue azken urtean. Lortu al duzue?
Euskaldunok dantzatzen ez dugula mito bat da. Hemengo jendeak ez du saltsa dantzatuko baina Arratiako jota bat dantzatzen dutenean dena ematen dute. Orain arte dantza eginez ondo pasatzeko aukera gutxi izan dela iruditzen zaigu.
Gure Santutxuko lagunentzako zuzeneko bat prestatu genuen eta kontzertu osoa guri begira eman zuten besoak gurutzaturik. Guretzat kriston bajoia izan zen hori.

Zein da egunen baten erantzun nahiko zenuketen galdera?
Nolakoa izan den Zazkelen azken hogei urteetako ibilibidea.