Zartada Gazte Ekimena egingo dute Gasteizen gaurtik igandera bitarte

Euskal Herriko gazteek hitzordua lotua dute asteburuan Gasteizen. Zartada ekimena antolatu dute Euskal Herriko gazteria eta gazte mugimenduak "batu, aktibatu eta elkarlanean jartzeko" asmoz, eta "elkarrekin hausnartu, ikasi eta mobilizatzeko". "Egun bizi dugun testuinguruari gazte ikuspegitik erantzun bateratu bat" eman nahi diote.
Bat egitetik, hamaika izatera lelopean, hainbat jarduera egingo dituzte gaurtik igandera bitarte. Arratsaldeko seietan ongietorria egingo dute eta 18:30etik 20:00etara hainbat hitzaldi egingo dituzte gazteen botereaz, sorkuntzaz, orainaz eta etorkizunaz, antolakuntzaz eta gaztetxeez hausnartzeko. Aliantza transmaribibollo tailerra egingo dute jarraian. 21:00etatik aurrera kontzertuak izango dira gaztetxean eta The Lio, Sigeruban eta Berebiziko DJak arituko dira.
Larunbat goizean ere hainbat gairen inguruan arituko dira, hala nola hezkuntza, borroka ekologista, zaintza sistema publikoa, etxebizitza, euskara, harreman eredu patriarkala, eta jai herrikoiak. Komunikazio, zibersegurtasun, eta grafiti tailerrak ere egingo dituzte eta baita Erretza liburuaren aurkezpena eta lanketa ere. 14:00etan bazkaria eta bertso saioa izango da, eta 17:30ean, mobilizazioa abiatuko da Artiumetik. Gauean, 22:30etik aurrera, musika izango da protagonista; DJ Malandro Hala Bedi tabernan arituko da, DJ Garrote Garraxi tabernan, eta DJ PezON Txapelarri tabernan.
Igandean amaituko dute ekimena, Eta hemendik aurrera zer? izeneko asanblada orokorrarekin.