Zarauzko 'Adarretatik' musika jaialdia bihartik igandera

Zarauzko 'Adarretatik' musika jaialdia bihartik igandera Lau hitzordu izango dira Modelo aretoan eta Zarauzko Martin de Marte taldea eta Amaia Zubiria arituko dira, besteak beste. Gonbidapenak aretoko lehiatilan eskuratu beharko dira emanaldia baino bi ordu lehenago. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zarauzko-adarretatik-musika-jaialdia-bihartik-igandera/@@download/image/martin-de-marte-01.jpg
2021/07/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lau hitzordu izango dira Modelo aretoan eta Zarauzko Martin de Marte taldea eta Amaia Zubiria arituko dira, besteak beste. Gonbidapenak aretoko lehiatilan eskuratu beharko dira emanaldia baino bi ordu lehenago.
Zarauzko 'Adarretatik' musika jaialdia bihartik igandera

Laugarren Adarretatik musika jaialdia izango da Zarautzen bihartik igandera. Lau hitzordu izango dira guztira, egunean bat, eta Modelo Aretoan izango dira emanaldiak. Osasun egoera dela eta, edukiera mugatua izango da aretoan. Bertako lehiatilan banatuko dira gonbidapenak kontzertuak baino bi ordu lehenago; kontzertuak 20:30ean izango dira, igandekoa izan ezik. Pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera eskuratuko ditu eta doan izango dira. 

Bihar, hilak 15, emango diote hasiera jaialdiari Bilboko The Cherry Boppers taldearekin. 2004an sortu zuten taldea, eta erritmo afroamerikarrak zabaltzea eta iraganeko erritmo beltz zoragarriak jotzen gozatzea dute helburu. Diskografia oparoa dute eta ia 300 kontzertu eman dituzte Euskal Herrian, Espainiako Estatuan, Frantzian, Alemanian, Eskozian zein Holandan. Arima Soul taldeko Lidia Insausti izango dute gonbidatu berezia. 

Uztailaren 16an, ostirala, Zarauzko Martin de Marte taldeak joko du aretoan. Kaixo Lagun albumarekin hasi zuen Martin Muruak  bere ibilbide martetarra 2018. urtean. 2020an Red River Ride lan berria plazaratu zuen. Bi lanak berak editatu eta ekoitzitakoak dira. Bigarren albumetik aurrera, proiektua taldean garatzea erabaki zuen, Zarauzko hiru laguni deituta: Ion Ferrera gitarra, Xabier Aramendi baxua eta Nikolas Eizagirre bateria. Jotzen dutenean rocka, popa eta indiea nahasten dituzte, ukitu psikodelikoekin eta jazzari egindako keinuekin. 

Larunbatean, hilak 17, Zaragozako Irregular Roots igoko da oholtzara. 2010ean sortutako Reggae Roots eta Dub banda da, 70eko artistak dituena erreferentziatzat. Diska bat daukate dagoeneko (Irregular Roots), beraien estudioan grabatutakoa, eta bigarren diska 2020.urtean A-Lone Ark estudioan grabatu eta argitaratua. Aurten, reggae talde nazional onenaren saria jaso dute Espainiako Lion sarietan. King Konsul izango da emanaldi honetako gonbidatu berezia. 

Azkenik, igandean, 19:30ean, Amaia Zubiria izango da protagonista, ondoan Karlos Gimenez, Gonzalo Tejada eta Luis Camino dituela. Amaia Zubiria euskal musikaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da. 1970eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte luzatzen den ibilbidean, aparteko gaitasuna duen interprete eta musikagilea dela utzi du agerian eta funtsezko eragina izan du haren ondorengo euskal musikarien belaunaldietan. Kantu tradizionalen gaurkotzaile gisa egindako lanak eta euskal zinemaren puntako soinu-bandetan izandako lankidetzak haren lan artistikoaren garrantziaren neurria ematen digute. Amaia Zubiria abeslariak Donostia Kulturak eskeintzen duen aurtengo Adarra Saria jaso berri du.