[KRONIKA] Zarataren lorratzetan liluratu ginen

[KRONIKA] Zarataren lorratzetan liluratu ginen Zazpi urte luze pasatu dira Lisabören azken kontzertutik. Sarrera guztiak aurretiaz salduta sekulako ikusmina zegoen pasa den larunbatean Intxaurrondoko kultur etxean. Sabaiko fokuak finko, argi epel iraunkorrak oholtzan zeuden bi bateria, bi baxu eta bi gitarrak argiztatzen zituen. Ez zegoen apaindura gehiago eta ezta beharrik ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zarataren-lorratzetan-liluratu-ginen/@@download/image/Lisabo intxaurrondo
2019/03/04

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Zazpi urte luze pasatu dira Lisabören azken kontzertutik. Sarrera guztiak aurretiaz salduta sekulako ikusmina zegoen pasa den larunbatean Intxaurrondoko kultur etxean. Sabaiko fokuak finko, argi epel iraunkorrak oholtzan zeuden bi bateria, bi baxu eta bi gitarrak argiztatzen zituen. Ez zegoen apaindura gehiago eta ezta beharrik ere.
[KRONIKA] Zarataren lorratzetan liluratu ginen

Ikuslegoak oholtzaren aurrean beren posizioak jada hartuak genituen taldekideak azaldu zirenerako. Bakoitza bere instrumentuen aurrean jarri eta urteak pasa ez balira bezala beraiek hain ongi dakitena egiten hasi ziren: egurra banatzen. Beren azken laneko abesti batekin hasi eta ordu eta erdi inguruan zehar disko ezberdinetako harribitxiak tartekatzen joan ziren. Hasieran soinua nahas-mahas bat baldin bazen ere, berehala orekatu zuten eta hortik aurrera gozamenaren gozamenez burua astintzea besterik ez zitzaigun gelditu oholtza azpiko zortedunoi.

Askotan galtzen dugunean ohartzen gara gauzen balioaz; kasu honetan, bueltatu eta oholtza gainean berriz ere ikustean konturatu nintzen zenbat botatzen nituen faltan. Energia hutsa dira irundarrak. Lehen minututatik jendea liluraturik zegoen, kontzertuan erabat sartuta, bi bateriek markatzen zuten erritmo sorginduan harrapatuak. Aipatzekoa da zein ikusgarria den bi bateriak elkarren aurrez aurre ikustea, hitzik gabe elkarrekin erritmoak sinkronizatzen. Bitartean, Karlos Osinaga eta Javi Manterolaren distortsioaren gainetik beren ahotsak entzun zitezen oihuka zebiltzan. Ahotsa kordetatik baino erraietatik ateratzen dutela dirudi. Lisabön guztia desordenatutako zarata hutsa dela ematen badu ere, behin beraien musika barneratuta ohartzen zara melodia ederrak ezkutatzen direla abesti bakoitzaren baitan. Kaos kontrolatua.


Argazkia: Josean Prado

Kontzertuaren erdialdean Osinagak eskerrak emateko pausa bat egin zuen eta ahots hunkituz hitz eten batzuk bota zituen: “Bizi garen garaiotan, hainbeste denboraren ostean, norbait zure zain dagoela jakitea sekulakoa da.” Eta berriz ere, bi bateriak kolpeka, bi baxuak bere erritmoa inposatu nahian, bi gitarrak melodiak sortzen eta bi ahotsak sentimenduz deiadarka. Dena da bikoitza Lisabön gozamena ezik, hirukoitza baita. Hazi eskukada I abestira iritsi zirenerako gure bihotzak bahituak zituzten jada, lepoak erabat txikituak; iritsi zen momentua gure ahotsak ere urratzeko: Batere ez dut ta gutxiago eskatzen! Abestiaren zati instrumentalean taldekide bakoitza bere insturmentuak deabruturik baleude bezala mugimenduan etengabean zeuden, nahi gabeko koreografia desordenatu bat inprobisatzen. Eta bat-batean musika isildu zen. Alde egin zuten taldekideek txalo zaparrada burrunba batek lagundurik baina ez denbora luzerako. Berehala Mursegorekin bueltatu ziren. Bere txeloa hartu eta oholtzaren erdian eseri zen azken diskoko Denboratik kanpo bizi garenok abestia jotzeko taldearekin batera. Bisualki oso irudi poetikoa sortu zen, Maite Arroitajauregi ekaitzaren begia balitz bezala, geldi zegoen, txeloan kontzentratua, bere inguruan taldea soinuz sortutako zurrunbiloan bueltaka zegoen bitartean eta bat-batean, Martxel Mariskal idazlea azaldu zen abestiari azken ukitua ematera. Mikrofonora hurbildu eta inongo apaindurarik gabe esan zuen: eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen. Handik gutxira, bere hitzek lasaitzeko ahalmena balute legez ekaitza baretzen joan zen, taldekideak beren instrumentuak utzi eta isilik alde egin zuten, Mursego gelditu zen bere txeloari azken zukua ateratzen.


Argazkia: Josean Prado

Ikusleak zain geratu ginen, ea bozgorailutatik musika jartzen hasten ziren ala ez itxoiten, behin musika entzunda bai baitakigu kontzertua bukatutzat eman ohi dela. Denon pozerako ordea, handik gutxira Manterolak azaldu zen esanez jada adin bat dutela eta ezin zutela kontzertua askoz ere gehiago luzatu. Ekintzek ordea kontrakoa esan zuten, azken abesti bat jotzen hasi baitziren eta gu zoraturik oihuka beraiekin: Guztiak zabaldu eta hersten dira: BIHOTZAK!

Gure bihotzak emozioz taupaka eta zabal-zabalik utzi zituzten, gehiagoko gosez. Pentsa, bukatu eta berehala beren hurrengo kontzertuak noiz diren begiratzen hasi ginen, gehiagoko gogoz gelditu baikinen. Ea nork lortu dezakeen hori guztia azkar kontsumitu eta azkarrago ahazten den garai hauetan. Beraien eskaintza xumea da: mugitzen ez diren argi fokuen azpian taldekideak beraien erraiak oholtzan uzten, hori besterik ez da. Ez dago argi ikusgarri eta efektu berezirik. Zintzotasuna musika bihurturik. Zuzeneko basapiztiak dira irundarrak.