Zaldun ilunaren azkena

Zaldun ilunaren azkena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zaldun-ilunaren-azkena/@@download/image/2012747160batam_1360351835.jpg
2012/07/06
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
"Esperantza galduta. Konfiantza apurtuta. Sua harrotuko da. Zaldun ilunaren legendaren amaiera epikoa". 'The Dark Knight Rises'.

The Dark Knight (2008), ziur aski, superheroien generoak inoiz eman duen filmik borobilena izan zen. Batman Begins (2005) trilogiaren lehen aleak Batmanen sorrera erakutsi bazuen, bigarrenak protagonistaren psikologian sakondu zuen, zaldun ilunaren motibazioak eta beldurrak landuz. Guztia errealismoa oinarri hartuta. Orain, legendari amaiera emateko ordua  da. Bakea helburu, Harvey Denten heriotzaren zama bere gain hartuta, zortzi urtez ezkutuan izan da Batman. Bane gaizkileak Gothamen kaosa ezartzean, baina, bueltatu beste aukerarik ez du izango. Tartean agertuko da Catwoman, pertsonaiaren esentzia klasikoak eskatu legez, ongiaren eta gaizkiaren balantzarekin jolasean. Uztailaren 20an estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta 25ean Iparraldean.

Honako gako hauek filma ongi ulertzen lagunduko dizute.

Bane

Benetan zaila Tom Hardy aktoreak duen lana. Ziurrenik pantaila handian superheroi batek inoiz izan duen aurkaririk onena, baita zinearen historiako gaizkinik interesgarrienetako bat ere ahaztaraztea: Heath Ledgerren Jokerra. Hala ere, Batman psikologikoki zein fisikoki garaitu dezakeen pertsonaia bakarra Bane da, beraz, konfiantza merezi du.

Desabantaila nagusi bat du, komikiak ezagutzen ez dituenarentzat Joel Schumacherren
Batman & Robin (1997) txistekoan Poison Ivyren lekaio zen hura dela Bane. Ahaztu guztiz astakeria hura. Lehenengoz 1993an agertua, Batman: Vengeance of Bane #1 alean, zaldun ilunari ezagutu zaion kontrariorik latzenetakoa da Bane. Oso argia, Batman Bruce Wayne dela deskubritu duten apurretakoa, estratega bikaina eta fisikoki garaiezina. Venom izeneko substantzia arnasteak min fisikorik ez sentitzera eta aparteko indarra izatera darama.

Miranda

Informazio ofizialaren arabera, Marion Cotillard zoragarriak Miranda Tate gorpuztuko du, Wayne Enterprises enpresako langile bat. Argi dago Brucen maitasun harremana izango dela filmean. Hain argi ez dagoena: zerbait ezkutatzen duen ala ez. Cotillardek zein ekoizleek gezurtatu duten arren, baliteke Miranda Taten azpian Thalia al Guhl ezkutatzea, lehen filmean Batmanek akabatu zuen Ra's al Guhlen alaba, Brucek gehien maite izan duen emakumea eta bere seme bakar Damianen ama.

The Bat

Nolanek guztiak harrituta utzi zituen Batmobilaren transformazioarekin. Gerrarako diseinatutako Tumblerrak aparteko diseinua eta funtzioak zituen. Bigarren filmean, Tumblerretik Batpod izeneko motorra atera zuen. Orain, autoaren diseinuan oinarrituta, beste jostailu bat jarriko du Batmanen eskuetan, The Bat izeneko objektu hegalaria.

Batmanen azkena?

Banek leku berezia du Batmanen historian, hain zuzen ere, zaldun ilunari bizkarra apurtu eta gurpil aulkian utzi zuelako. Trailerretan emandako pisten arabera, Bruce Wayne larri zaurituta ikusiko dugu, eta alarmak piztu dira. Gai izango ote da Nolan Batman akabatzeko? Legendari amaiera paregabea emango lioke.

Nolanen trilogia, nagusiki, sei komikitan oinarriturik dago; alegia, bi komiki erabili dituzte film bakoitzeko. Segidan aipatuko ditugu.

'Batman Begins'



'Year One' (Frank Miller, 1987)
Zaldun iluna birsortu zuen komikia. 24 orrialdetan, Bruce Wayne Batman bilakatzearen arrazoiak eta Jim Gordon komisarioaren hastapenak azaltzen ditu. Bikotearen adiskidetasunaren oinarriak finkatzen ditu. Ziurrenik, Batmani buruz inoiz idatzi den komikirik onena.

'The Man Who Falls'
(Dennis O'Neill eta Dick Giordano, 1989)
Aurrez idatzitako hainbat komikitako datuak uztartzen dituen alea. Gothamera bueltatu aurretik, Bruce Waynek arte martzialetan trebatzeko eta munduko gaizkileak ezagutzeko egindako bidaiak dira hari nagusia. Filmean Waynen mentore den Henri Ducard hemen agertzen da lehenengoz komiki batean. 

'The Dark Knight'



"The Killing Joke"(Alan Moore, 1988)
Arrazoirik gabeko kaosa helburu duen Jokerra erakusten du, mugara eramanda, pertsonarik onena ere gaizkile ero bihur daitekeela erakutsi nahi duen Jokerra. Filmean bezala, ekintzek baino pisu handiagoa du pertsonaien psikologiak. Zaldun ilunaren aurkari gorenari eskainitako komikirik borobilena.

The Long Haloween" (Jeph Loeb, 1996-97)
Year One komikiaren jarraipena. Batmanek, Gordon komisarioak eta Harvey Dent distrituko fiskalak delinkuentziarekin amaitzeko egiten duten paktua du ardatz. Dent Two Face gaizkile nola bilakatzen den ere azaltzen du. Komikian jazotako hainbat egoera erabili dira filmean, pertsonaiak aldatuta.

'The Dark Knight Rises'



"The Dark Knight Returns" (Frank Miller, 1986)
Hamar urtez erretiratuta egon den Batman zahar eta akitua, alkoholzalea, inoiz baino zikinago eta arriskutsuago dauden Gothamgo kaleetara bueltatuko da. Zaldun ilunaren bertsiorik biolentoena eta psikologikoki sakonena. Watchmenekin batera, eleberri grafiko garaikidearen aintzindaria izan zen.

"Knightfall" (Chuck Dixon eta Doug Moench, 1993)
Saguzahar gizonaren pasarterik traumatikoena. Batmanek inoiz izan duen aurkaririk lazgarriena emango du ezagutzera, Bane, Batmani bizkarra apurtu, elbarri utzi eta erretirora bidaliko duena. Horren ostean, Azraelek hartuko du heroiaren lekua, Jean-Paul Valley gaztearen alter egoak.