'Zaldi Urdina' antzezlana podcast bihurtu dute

Artedrama, Axut! eta Dejaburen Zaldi Urdina antzezlana podcast formatura ekarri du EITBk. Izen bereko audio-fikzio seriea izango da eta Aingeru 17 urteko gaztearen arrastoaren bila jarriko ditu entzuleak. Urtarrilaren 17an estreinatuko da eta honako hari hau izango du abiapuntu: gazte bat hil da tekno-jaialdi batean Zaldi Urdina izeneko droga berria hartuta, eta, aldi berean, Aingeru desagertu egin da. Droga berriarekin ezkutuko salerosketan dabilena Aingeru delakoan, atzetik ditu familia eta polizia. Amets 22 urteko arreba errebeldeak, Karmen amonak eta Simon udaltzainak astebeteren barruan aurkitu behar dute mutila, 18 urte bete baino lehen, eta epaitegira abokatu on batekin eraman. Hainbat elementu izango ditu fikzioak: ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko diren gazteen ondoezak eta ametsak, trafikatzaileen eta interes ekonomikoen boterea, eta polizia-indarren eta politikaren konplizitatea.
Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi dute audio-fikzioa, Ximun Fuchsen zuzendaritzapean. Aktore lanetan, berriz, Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Iraitz Lizarraga, Oier Zuñiga, Urko Redondo, Argi Perurena eta Olatz Beobide aritu dira, besteak beste.
Artxipelagoa podcastean egin bezala, binauralean muntatutako seriea da eta, horrela, "esperientzia murgiltzailea" sortzea lortu dute, "bereziki aproposa audio-kaskoekin entzuteko". Hain zuzen, estreinaldiarekin batera, sareetan kasko batzuen zozketa egingo dute lehen atalari buruzko galdera bat asmatzen duten parte-hartzaile guztien artean.
Urtarrilaren 17an lehen atala estreinatu ondotik, astelehenero atal bat zintzilikatuko dute EITB Podkast atarian. Bederatzi izango dira guztira, eta 12 bat minutuko iraupena izango du bakoitzak.
'Artxipelagoa'-ren arrakastari eutsi nahian
Euskarazko podcast entzunena izatera iritsi da Ulu Media-ren Artxipelagoa audio-fikzio seriea eta bide horretatik jarraitu nahi dute Zaldi Urdinarekin ere. EITBPodkasten 5.300 entzunalditik gora izan ditu, 14.500 bat klikaldi orotara, IVOOX, Goolgle Podcast, Apple Podcast eta Spotify-koak batuta. Spotyfy-n 13.000 eta 700 klikalditik gora izan ditu urriaren 3az geroztik, eta 807 harpidetza lortu ditu bere aurreneko denboraldian. Gainera, urriaren 11n Espainiako Estatuko edukien artean Top #69 postuan kokatzea lortu zuen, euskarazko eduki batek estatuan inoiz izan duen emaitzarik onena. Ez dute argitu bigarren denboraldirik egingo duten.
EITB Podkastek, 20.000 bisita izan ditu 2021eko apirilaren 29an sortu zenetik gaur arte, EITBko euskarrietan.