“Zaharregia, txikiegia agian”: Olerki eta musika gozokia

“Zaharregia, txikiegia agian”: Olerki eta musika gozokia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zaharregia-txikiegia-agian-olerki-eta-musika-gozokia/@@download/image/36p26-1.jpg
2003/12/05
erreportajea
Julen Azpitarte
“Zaharregia, txikiegia agian”: Olerki eta musika gozokia
Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak "Zaharregia, txikiegia agian" disko-liburua kaleratu berri du. Poesia eta musika uztartu dituzte Kirmen Uribe idazleak eta Mikel Urdangarin musikariak. AEBetan ibili dira proiektua erakusten eta harrera beroa izan dute.

Mikel Urdangarin eta Kirmen Uriberen proiektu hau aurtengo udaberrian sortu zen. Handik gutxira, idazlea eta musikaria New York hirira abiatu ziren, poesia eta musika uztartzen duen ikuskizuna aurkeztera. Bingen Mendizabal, hainbat filmetako musikaren sortzailea, eta Rafa Rueda, PILT rock taldeko musikaria, ere eurekin joan ziren. Lehenengoa biolinarekin eta bigarrena gitarra elektrikoarekin. 

Sei kontzertu eskaini zituen laukoteak bertan, eta oso harrera ona izan zuten. Etxera bueltan, fruitua euskal publikoaren artean ezagutarazteko asmoz, poesia-liburua egitea erabaki zuten. Gaztelupeko Hotsak zigiluak kaleratu ditu Uribek idatzi eta Urdangarinek musikatutako poesiak. 140 orrialde ditu disko-liburuak.

Fruitu aberatsa
Dagoeneko zenbait kontzertu eskaini ditu taldeak Euskal Herrian. Bartzelonan eta Alacant-en ere izan dira. Hori bai, ikuskizunean aldaketa batzuk egin dituzte, izan ere, Natxo Rodriguez artistak egindako irudiak pantailaratzen dituzte gaur egun. "Hainbat istorio kontatu nahi izan dugu, gurea norabide askoko ikuskizuna baita", dio Uribek.

Bestalde, disko-liburuaren izenburua idazle bizkaitarrak euskarari buruz egin duen poesia batetik hartu dute: "Euskara, Euskal Herria, agian, zaharregia, txikiegia da gaur egungo garaietarako, baina azken finean euskaldunok munduari begiratzeko modu jakin bat eskaintzen dugu, bizitzeko eta sentitzeko modu bat", argitu digu Uribek.

Bestalde, olerkiak hiru hizkuntzetan ageri dira liburuan: euskara, gaztelera eta ingelesa. Horrez gain, Mikel Valverde marrazkilariak ilustrazioak egin ditu. Marrazkigintza, poesia, zinema, eta rock arloko artista hauen arteko elkarlanaren fruitua aberatsa eta iradokitzailea da.