'Zaharraz Harro' jaia Gasteizen

'Zaharraz Harro' jaia Gasteizen Mota guztietako jarduerak antolatu dituzte igandera bitarte Alde Zaharrean: musika, ipuin kontaketak, otorduak, bertsoak, jolasak, zine emanaldiak, tailerrak, dantza, antzerkia, hitzaldiak... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zaharraz-harro-jaia-gasteizen/@@download/image/zaharraz harro.jpg
2021/06/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Mota guztietako jarduerak antolatu dituzte igandera bitarte Alde Zaharrean: musika, ipuin kontaketak, otorduak, bertsoak, jolasak, zine emanaldiak, tailerrak, dantza, antzerkia, hitzaldiak...
'Zaharraz Harro' jaia Gasteizen

Gasteizko Alde Zaharreko 13. Zaharraz Harro jaia abian da eta mota guztietako jarduerak antolatu dituzte igandera bitarte. Etxean intxaurrak hiru, auzora atera eta hamahiru! Bizitza dago behatxulotik harago! izango da aurten jai autogestionatuen leloa, auzokideei etxetik ateratzeko eta auzoko kaleetara hurbiltzeko dei eginez.

Atzo hasi zuten jaia txupinazo, txistulari eta musikarekin. Sexu Askapeneko Nazioarteko Eguneko manifestazioarekin ere bat egin zuten. Gaur, berriz, txiki eta handientzako jolasak, auzoko liburutegia, kirol topaketak, umeen krosa, patatada herrikoia eta Sareak Josten performancea izango dira goizetik hasita.  Eguna borobiltzeko, Bertso izarren boxeo saioa egingo dute gaztetxean, eta, 22:00etan, Zaharraz Haroko Film Laburren Txapelketa izango da Santa Maria Plazan. 

Bihar, asteazkena, hilak 30, txiki eta handientzako jolasak, ibilaldi osasungarria, irakurketa errazeko taldea, Katuen kalejira, ipuin kontalariak, swing tailerra eta hitzaldiak izango dira. Eguna amaitzeko, zinemaz gozatzeko aukera izango da Santa Maria plazan.

Uztaileko lehen egunean, 11:30etik aurrera, goiz osoko auzolana deitu dute Etxanobe parkean. Ondoren, arratsaldean, hainbat jarduera izango dira: jazarpen polizialaren inguruko solasaldia; Ane Gebara ipuin kontalaria; indarkeriarik gabeko komunikazioaren inguruko tailerra; pintura sortzaileko tailerra; Gazteak eta pandemia: rapetik begirada hitzaldia; Queerteatzen poesia emanaldia; Fabricando mujeres 2.0 dokumentalaren proiekzioa; dantza plaza eta Miss Bihotzaren pintxada. Eta, nola ez, eguna amaitzeko umeentzat zinema Santa Maria plazan. 

Ostiralean, uztailak 2, umeen ginkana, X. Boulder Topaketa, emakume heldu eta gazteen dantzaldia, Paso a paso, la mirada nómada antzerkia, Conjugar el amor liburuaren aurkezpena eta Ai Laket elkartearen puntu finkoa musikarekin. 

Asteburuan errematea
Larunbatean, aldarrikapen jolasa, haurrentzako josteko tailerra eta Gasteiz Kantuz auzotik kantari izango dira goizean. Jarraian, bazkari autogestionatua egingo dute Rafa Plazan. Bazkalostean, DJ Young Buster Selecter izango da Txapelarri tabernan, eta Darkahead tabernan, berriz, Orgullo Zaharraz Harri Party egingo dute, hainbat DJrekin. Horretaz gain, Auzolana Pilotalekuaren XIII. urteurrena ospatuko dute arratsaldean, umore onez girotutako mus txapelketa eta mahai jokoekin.

Azkenik, uztailaren 4an, igandean, Hala Bedi irratiaren jaialdiarekin hasiko da Zaharraz Harroko azken eguna. Musika eta sorpresa ugari iragarri dituzte, Hala Bedik "zure txutea" behar duela aldarrikatuz. Destxupina egingo da Rafa plazan 18:00etan, baina Darkahead tabernak jaiak luzatuko ditu; 19:00etan, DJ Kolix izango da plateretan eta, bukatzeko, bingoa eta jaien amaierarekin itxiko dute egitaraua.