Zahara eta Ivan Ferreiro Irun Zuzenean jaialdiko kartel buruak
Iraila bukaeran hasiko da Irun Zuzenean Festibalaren hamargarren edizioa. Hirugarren urtez jarraian Irungo (Gipuzkoa) Ficoba eraikinean ospatuko da. Bertatik espainiar estatuko izen ospetsuak igaroko dira. Kartel buruak Zahara eta Ivan Ferreiro izango dira, baina Ginebras edo Maika Makovski ere arituko dira. Euskal taldeei dagokienez Maren, Ezpalak eta Dupla arituko dira, besteak beste.
Irungo Kultura arduraduna den Juncal Eizaguirreren hitzetan "Irun Zuzenean jaialdiaren urtea da; zuzeneko musikaren zedarria izatea nahi dugu". Horregatik saiatu dira kartel erakargarri bat osatzen, panorama musikaleko talde eta bakarlari ezberdinekin. Jaialdiak bertako talentua babestea ere badu helburu, eta nola ez, emakumeen parte-hartze artistikoa sustatzea.
2013an ekin zitzaion jaialdira eta aurten bere hamargarren edizioa ospatuko du. Bertatik Roy Loney edota Barrence Whitfield & The Savages bezalako nazioarteko artistak pasa dira eta baita hurbilagokoak ere, hala nola Olimpia, Sara Zozaya, La Bien Querida edo Viva Suecia bezalakoak. Jaialdirako bonuak jada salgai daude esteka honetan. 

