Zabalik da ZUbi proiektuaren bigarren deialdia

Zabalik da ZUbi proiektuaren bigarren deialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-zubi-proiektuaren-bigarren-deialdia/@@download/image/zubi_1394008702.jpg
2014/03/05
berria
Zabalik da ZUbi proiektuaren bigarren deialdia
Euskal sortzaile berriei bultzada emateko asmoz sortu zen 2012an ZUbi proiektua, eta lehen deialdi hartatik 'Konpota' antzezlana eratorri zen. Orain, baina, bigarren deialdia jarri dute abian, eta proposamenak bidaltzeko epea maiatzaren 16ra bitarte izango da zabalik.


Durangoko San Agustin Kulturguneak, Kultur Leioak, Hameka Karrikako Arteen Fabrikak, Zornotza Aretoak, Aulestiko Artedrama Topaketak, Baxe Nafarroako Herri Antzokiak, Elorrioko Arriola Aretoak eta Zumaiako Udalak bat egin zuten 2012an euskal teatroaren zailtasunei irtenbide bat bilatzeko helburuarekin. Argi ikusi zuten laguntza ekonomikoa ez ezik, azpiegiturak, baliabide tekniko, artistiko eta kudeaketa alorrekoak, eta emanaldiak aurkezteko antzoki sarea ezinbesteko dituztela sorkuntza berriek, eta horiek bermatu ahal izateko, ZUbi proiektua osatu zuten.

Hala ba, lanak aurkezteko lehen deialdi bat egin zuten, eta jasotako erantzunen artean egun aretoetan ikus daitekeen Konpota obra hautatu zuten. Orduko hartan proiektu hutsa zena gauzatu ahal izateko, hainbat asteko egonaldiak Luhusoko Harri Xurin, laguntza tekniko, artistikoa eta ekonomikoa, eta obra proiektuko kide diren zortzi aretoetan aurkezteko aukera eman zitzaizkion Eneritz Artetxek gidatzen duen Dxusturi Teatroari. Eta bistan denez, emaitza oso pozgarria izan da.

2014ko deialdia

Honenbestez, proiektuari jarraipena emateko bigarren deialdia zabaldu dute. Hastapen prozesuan dauden formatu txiki eta ertaineko proposamen artistikoek maiatzaren 16ra bitarteko epea dute proiektua ehkozubi@gmail.com helbidera bidaltzeko, aldez aurretik hemen topatuko duten formularioa deskargatu eta bete ostean. Horrez gain, gehienez ere 3 MBeko pisua duen informazio osagarria bidali dezakete helbide berera.

Hautatutako lana 2014ko ekainaren 16a baino lehen jakinaraziko dute, eta berau 2015eko abendua baino lehen aurkeztu beharko da. Aprobetxatu aukera!