Zabalik da X. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan izena emateko epea

Zabalik da X. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan izena emateko epea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-x-zinema-ikasleen-nazioarteko-topaketan-izena-emateko-epea/@@download/image/20116145370Zinema_ikasleak.jpg
2012/12/13
berria
Zabalik da X. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan izena emateko epea
Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatutako ekimenak gazteek ikus-entzunezkoen arloko esperientziak eta ikaskuntzak elkarbanatzea du helburu. Irailaren 21ean, 22an eta 23an izango da, Donostian. 

Donostiako Zinemaldiaren testuinguruan, aurten hamargarren urtez, ikus-entzunezkoen esparruko gazteek Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan parte hartzeko aukera izango dute. Honi esker, besteak beste, gazteek ikus-entzunezkoen teknologiaren esparruko azken berritasunak ezagutu ahal izango dituzte Master Classean, adituen aholkuak jaso eta euren film laburrak erakutsi.

Izena ematen duten guztien artean, orotara, hamalau eskola inguru hautatuko dira Topaketan parte hartzeko. Hauetako bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkeztu ditzake, eta hiru horien artean soilik hautatutakoak erakutsiko zaizkio publikoari; Zinemaldiaren gonbidatuei zuzendutako saioetan izango dira ikusgai. Saio horietan, ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalak egongo dira eta, horrela, beren lanak aurkezten dituzten ikasleekin hitz egiteko testuinguruak suertatuko dira.

Bestalde, epaimahai berezi bat sortuko da propio aurtengo topaketako film labur irabazlea zein izango den erabakitzeko. Epaimahai hau parte hartzen duten eskoletako ikasleek osatuko dute eta zinemaren alorreko pertsona ospetsu bat izango du buru. Guztien artean erabakiko dute nor izango den zuzendari irabazlea. Era berean, epaimahai honek deliberatuko du nor izango diren Canneseko hurrengo zinema jaialdiko Short Film Corner-en parte hartzeko aukera izango dute hiru zuzendari gazteak.


Izen ematea


Honezkero zabalik da X. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan izena emateko epea, eta film laburrak aurkezteko azken eguna uztailaren 2a izango da.
Araudia, izena emateko jarraitu beharreko pausuen azalpena eta bestelako informazio baliagarria www.eiecine.net gunean daude eskuragarri, baita Zinemaldiaren nahiz Tabakaleraren atari ofizialetan ere.