Zabalik da Lekeitioko Udako Arte Erakusketan izena emateko epea

Zabalik da Lekeitioko Udako Arte Erakusketan izena emateko epea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-lekeitioko-udako-arte-erakusketan-izena-emateko-epea/@@download/image/expo_lekeitio_1360231461.jpg
2013/02/07
berria
Zabalik da Lekeitioko Udako Arte Erakusketan izena emateko epea
Urtero bezala udan izango da aurten ere Lekeitioko Udako Arte Erakusketa Barandiaran Aretoan, eta dagoeneko zabalik da bertan parte hartu nahi duenak izena emateko epea.


Pasa den urtean Manuel Lopez Brasaolaren, Josune Carracedoren eta Carmen Soldevillaren lanak ikusgai izan ziren uztailatik abuztura bitarte Lekeitioko Udako Arte Erakusketan. Aurten, Lekeitioko Udalak abiatu du dagoeneko 2013ko edizioa, eta zabalik da partaidetza eskaera egiteko deialdia.

Hainbat alorretako artistengana iristea da egitasmoaren jomuga, arte aniztasunaren adierazgarri bilakatzeko eta antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, aurtengo edizioa uztailaren 16tik 28ra eta abuztuaren 19tik irailaren 1era bitarte izango da.

Aukera hau galdu nahi ez duenak, apirilaren amaierara bitarte du izena emateko aukera. Lekeitioko Kultur etxera gerturatu edo kultura@lekeitio.com helbidera idatzita, besteak beste.

Lekeitiarrek lehentasuna izango dute aukeraketa prozesuan eta maiatzaren hasieran jakinaraziko dute onartuen zerrenda.