Zabalik da III. Iñaki Ugarteburu Sarietan parte hartzeko epea

Zabalik da III. Iñaki Ugarteburu Sarietan parte hartzeko epea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-iii-inaki-ugarteburu-sarietan-parte-hartzeko-epea/@@download/image/2012735108ugarteburu_sariak_kartela.jpg
2012/12/13
berria
Zabalik da III. Iñaki Ugarteburu Sarietan parte hartzeko epea
Azkue Fundazioaren eskutik, aurten hirugarren aldiz antolatu dituzte Iñaki Ugarteburu Sariak, EHUko medikuntza irakaslearen omenez sortutakoak. Euskarazko Wikipediara egindako ekarpenak saritzeko helburua du, beronen erabilera sustatzearekin batera. Deialdia apirilean hasi zen, eta datorren irailaren 28ra bitarte izango da zabalik; egin behar duzun bakarra zure artikulu txukuna Wikipediara igotzea da!

Iñaki Ugarteburu sendagilea eta filologoa zen, eta euskalgintzan ere buru-belarri aritua. Unibertsitate mailako euskarazko irakaskuntza bultzatu zuen, bereziki. 2009ko martxoan hil zen. Besteak beste, euskalosasuna izeneko webgunea aurrera zeraman berak.

Horregatik, gaur egun online entziklopedia kontsultatuena den Wikipediaren euskarazko erabilera bultzatzeko asmoz sortu dituzte bere omenezko sariak.

Azkue Fundazioak abiatutako lehiaketa bost arlo ezberdineko ikasleei zuzendurik dago: Natur Zientzietako ikasleei, Osasun Zientzietakoei, Gizarte Zientzien atalekoei, Giza Zientzietakoei, eta Teknika eta Teknologia alorrekoei. Deialdian parte hartzeko hemen inskribatu behar duzue lehenengo, eta ostera, zuen artikulua Euskarazko Wikipediara igo.

Balorazioa egiterako orduan, batzordeak lanaren edukia, euskararen txukuntasuna eta multimedia baliabideen erabilera, besteak beste, izango ditu kontuan. Hau da, bideo eta argazkien erabilera, eta gainerakoak.

Sari potoloa eskuratu eta euskararen erabilera eta ikaskuntzan ekarpen polita egiteko aukera duzu. Hartu parte, lagun!

Sariak


Alor zientifiko bakoitzetik sareratu diren lanen artean saridun bat izendatuko du balorazio batzordeak. Irabazleek, hain zuzen, 16 GB-ko eta WiFi konexiodun iPad 2 bat jasoko dute.