Zabalik da Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan izena emateko epea

Zabalik da Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan izena emateko epea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-gabriel-aresti-ipuin-lehiaketan-izena-emateko-epea/@@download/image/20127138388gabriel_aresti.jpg
2012/12/13
berria
Bilbon antolatzen den ipuin lehiaketarik zaharrena da Gabriel Aresti idazle izandakoaren omenezkoa, aurten XXX. edizioa egingo baitute. Lanak bidaltzeko epea urriaren 26ra bitarte izango da zabalik, eta irabazleen izenak martxoan jakinaraziko dituzte. Orotara 10.000 euro baino gehiago banatuko dituzte saritan.

Orain hiru hamarkada martxan jarritako ekimena da Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa, eta urtez urte geroz eta parte hartzaile gehiago izan ditu. Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen du, eta literatur sorkuntza sustatzea du helburu. Era berean, euskal hizkuntzaren baitan inoiz izan den idazle garrantzitsuenetakoaren obrak ezagutarazteko asmoz sortu zuten, bilbotarrak olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia ere landu baitzituen.

Lehiaketan edonork har dezake parte, baita atzerritarrek ere, baina lanak euskaraz edo gazteleraz idatzirikoak izan behar dute. Iaz, esaterako, Mariano Qiros idazle argentiarrak irabazi zuen gaztelerazko kategorian Cazador de Tapires lanari esker.

Halaber, originalak —itzulpenak ez dira onartuko— eta sekula saririk jaso gabekoak izan beharko dira.

Bi modalitate bereiziko dituzte, euskarazkoa eta gaztelerazkoa, eta bakoitzak bere epaimahaia eta saria izango ditu. Epaimahaia literatur munduko pertsona ezagunek osatuko dute, gainera, eta sari potoloak banatuko dituzte.

Oinarriak


Epea: Urriaren 26a

Nora bidali: Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailean aurkeztu, posta arruntez bidali, edu udal webgunetik bidali.

Luzera: Gehienez ere hamabost orrialde, espazio bikoitzean eta alde bakarretik idatzita

Gaia: Erabat librea

Hizkuntzak: Euskara eta gaztelania

Sariak: Euskarazko kategoriako irabazleak 3.500 euro, eta gaztelerazkoak 1.750 euro.