Zabalik da EHZ-en laguntzaile izateko izena emateko epea

Zabalik da EHZ-en laguntzaile izateko izena emateko epea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-ehzen-laguntzaile-izateko-izena-emateko-epea/@@download/image/20125225036ehz_2.jpg
2012/12/13
berria
Zabalik da EHZ-en laguntzaile izateko izena emateko epea
EHZ festibalaren 17. edizioa ekainaren 29an, 30ean eta uztailaren 1ean egingo dute Heletan, eta ohikoa denez, aurten ere laguntzaile talde sendoaren indarra beharko dute hiru eguneko jaialdia aurrera ateratzeko. Muntaketa, desmuntaketa, afitxaketa, komisioetako lana… Esku bat bota nahi baduzu, eman izena ekainaren 15a baino lehen; musika onaz eta talde giroaz gozatu ahal izango duzu.

Proiektuaren ardatz garrantzitsuetako bat osatzen dute urtero boluntario moduan joaten diren laguntzaileek. Jatorri eta sentsibilizazio anitzeko ehunka lagunek jantoki, edantoki, aparkaleku, sarrera… eta gainerako guneetako lana beren gain hartzen dute musikaz eta jai giroaz gozatzera joandakoen beharrak asetzen laguntzeko. Festibala barrutik bizitzeko aukera eskaintzeaz gain, EHZ ekimenaren baitan beren hondar aletxoa jarri ahal izaten dute hala.

Festibala, baina, ez da hiru egunetara mugatzen. Horren aurretik eta ostean lan asko dago egiteko; besteak beste, muntaketa, ekainaren 20tik 29ra; desmuntaketa, uztailaren 2tik 7ra; eta afitxaketa, gaurtik bertatik egin beharrekoa. Horregatik, laguntzaile mota ezberdinak bereizi eta nork bere lana egiteko izena eman behar du.

Bestetik, egun horietan bertan garbiketa, segurtasuna, aparkalekuetako antolaketa, txosnetako zerbitzuak, sarreretako kontrola… izango dira egiteko nagusiak. Bertan lagundu ahal izateko bi aukera nagusi daude: 4 txanda egin 3 egunetan, edota 2 txanda egin egun bakarrean.

Nola ez, laguntzaileei bazkari beroa eskainiko zaie, eta lan egiten duten egunetan ere kontzertuak, antzezlanak, dantza, eta gainerako ikuskizunak ikusteko sarrera jasoko dute.

Izena emateko


Epea: ekainaren 15a
Laguntzaile bilkura: ekainaren 2an Heletan
Izena emateko: sartu hemen eta aukeratu zure modalitatea.

Jaialdia


Hiru egunez nazioarteko zein bertako musika taldeak, dantza taldeak, antzerkilari taldeak, eta denetariko ikuskizunak bilduko dira Heletan, Nafarroa Beherean. Egitarau osoa ikusi nahi baduzu, sartu hemen.