Zabalik da aurtengo mintzalagun egitasmoan izena emateko epea

Zabalik da aurtengo mintzalagun egitasmoan izena emateko epea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-aurtengo-mintzalagun-egitasmoan-izena-emateko-epea/@@download/image/20129272614mintzapraktikak.jpg
2012/12/13
berria
Abian da 2012ko mintzalagun egitasmoa, eta aurtengo kanpaina esker oneko maitasun keinu batekin zabaldu dute. Izan ere, azken hamarkadetan euskal mundura hurbildu direnei egindako lana aitortu nahi die egitasmoaren antolatzailea den Topaguneak. Zuk ere, ireki bihotza mintzalagunentzako!

1993an Donostiako Bagera Euskara Elkarteak sortu zuen lehen mintzalagun taldea, eta geroztik Euskal Herri osora hedatu dira berbalagun, solaslagun, mintzakide edo solaskide moduan ezagunak. Dagoeneko 5.000 lagun inguru dira, 65 herri eta eskualdetan banatuta.

Astean behin elkartu ohi dira, ordu betez, eta aisialdian euskaraz aritzeko laupabost laguneko taldeak osatzen dituzte. Mintzalagun gehieneak hiriburu edo herri handietan kokatzen dira, hala nola, Iruñerrian, Gasteizen edota Getxon. Baina herri txiki eta auzoetan ere lortu dute beren presentzia handitu eta interesdunak hurbiltzea.

Helburua euskaraz bizi ahal izateko, berau praktikatzea da, eta pixkanaka hobetzen joatea. Euskararen alde egin nahi izatea ere, kasu askotan, motibo aski garrantzitsua da parte hartzaileentzat.

Hartu, eta eman
Topaguneak, 2012ko mintzalagun kanpainaren bidez, maitasun aitopren bat egin nahi izan die urte guzti hauetan egitasmoan parte hartu duten lagunei. Euskaldunon mundura hurbildu eta horren parte izateko egindako hautua eskertu nahi die.

Baina baita euskal komunitateko kide izanik, berau handitu eta lagun berrientzako bidelagun lana egin duten eta egiten ari diren guztiei ere. Azken batean, euskaldunok elkarrekin egoteko elkargune dira mintzapraktikak.

Izan mintzalagun!


2012ko ikasturtean parte hartu nahi izanez gero, sartu hemen eta eman izena. Gainera, e-mintzapraktika aldaera abian da, Internet bidez, Euskal Herriko edo munduko beste edozein euskaldunekin euskaraz aritzeko aukera eskaintzen duena.