Zabalik da Augustin Zubikarai Nobela Sarira aurkezteko epea

Zabalik da Augustin Zubikarai Nobela Sarira aurkezteko epea Urriaren 13ra arte bidal daitezke laginak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-augustin-zubikarai-nobela-sarira-aurkezteko-epea/@@download/image/zubikarai.png
2023/09/04
Urriaren 13ra arte bidal daitezke laginak.
Zabalik da Augustin Zubikarai Nobela Sarira aurkezteko epea

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai Nobela Sariaren oinarriak aurkeztu berri dituzte.

Eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Alde batetik, landu nahi duen kontakizunaren azalpena bidali beharko da, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki  iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab. Beste aldetik, idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

Parte-hartzaileek urriaren 13ra arte izango dute lanak aurkezteko epea eta udalak izendatutako epaimahaiak urriaren 31 baino lehen hautatuko du sariduna. Irabazleak 8.000 euroko saria jasoko du eta urtebeteko epea izango du idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko. Elkar argitaletxeak kaleratuko du liburua.

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.