Zabalik da 3. Euskararen Ginkanan izena emateko epea!

Zabalik da 3. Euskararen Ginkanan izena emateko epea! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-3-euskararen-ginkanan-izena-emateko-epea/@@download/image/euskararen_gink_1384767900.jpg
2013/11/18
berria
Zabalik da 3. Euskararen Ginkanan izena emateko epea!
Hirugarren urtez, eta Kutxa Ekogunearen ekimenez, abian da Euskararen Ginakana, euskara oinarri duen proba-lehiaketa. Aurten lehen aldiz taldeka aritu beharko dute parte hartzaileek, eta irabazleek 3.000 euro jasoko dituzte euskararen aldeko proiektu bat laguntzeko.


Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko lehiaketa abiatu zuen 2011n, Euskararen Ginkana. Orain arte, 16 urtetik gorako parte hartzaileek bakarka lehiatu behar izan dute, baina gutxienez lau eta gehienez sei laguneko taldeak osatu beharko dituzte. Azken bi edizioetan bezalaxe, ginkanak bi fase izango ditu: internet bidezko frogak lehenik, abenduaren 3tik urtarrilaren 16ra bitarte, eta final handia ondoren, urtarrilaren 25ean Donostiako San Telmo Museoan.

Baina azaldu dezagun zertan datzan egitasmoak urratsez urrats.

Gaia
Hizkuntza aniztasuna izango du aztergai aurtengo Euskararen Ginkanak. Ez soilik munduko hizkuntzei dagokienean, baita euskararen baitan ere; izan ere, euskaldunok zeregin garrantzitsua dugu geure hizkuntza bizirik, indartsu, koloretsu eta etengabeko eraldaketa prozesuan mantentzen.

Horregatik, final handira iritsi aurretik pasa beharreko frogek, baitan azken egunekoek ere, gai honekin izango dute zerikusia. Eta lehiaketako lehen saria eskuratzen duen taldeak ere 3.000 euro jasoko ditu euskararen aldeko egitasmo bat finantzatzeko.

Parte hartzeko
Lagunak bildu eta zuk ere parte hartu nahi baduzu, lehen urratsa hemen aurkituko duzun formularioa egoki betetzea da. Bertan aurkezpen bideo baten lotura txertatzeko eskatuko dizuete; horregatik, gehienez ere bi minutuko iraupena duen bideoa prestatu eta YouTubera igo beharko duzue lehenik. Zuen berri emateaz gain, saria eskuratuz gero finantzatuko zenuketen proiektuaren nondik norakoak azaltzeko ere balio behar du bideo horrek. Hezkuntzari, aisialdiari, kulturgintzari, helduen euskalduntzeari.. edozein arlori loturiko proiektua izan daiteke.

Hala, izena egoki eman duten taldeek abenduaren 3an hasiko dituzte asteroko probak. Interneten hainbat zeregin eta galdera jarriko dizkiete, eta parte hartzaileek aste beteko epea izango dute horien erantzunak helbide beraren bidez antolatzaileei helarazteko. Dena den, ez da beharrezkoa izango froga denak gainditzea ginkanan aurrera egiteko, urtarrilaren 16ko puntu zenbaketan ebatziko baitute finalera igaroko diren lau taldeak zeintzuk izango diren, noski, haiek lortutako puntu kopurua kontuan hartuz.

Final handia, San Telmon
Urtarrilaren 25ean, larunbata, egingo dute 3. Euskararen Ginkanaren finala Donostiako San Telmo Museoan. Bertan ere hainbat froga jarriko zaizkie parte hartzaileei, eta horiek gainditzerako orduan puntu gehien eskuratzen dituen taldeak jasoko du aipaturiko diru-saria. Gainerakoak, dena den, ez dira esku-hutsik itzuliko etxera, produktu ekologikoz beteriko otarre bana jasoko baitute lehiakideek.

Beraz, ongi pasa eta euskararen alde zuen hondar aletxoa jarri nahi baduzue, hauxe duzue aukera! Animatu!