Z belaunaldiaren joera berria: eguneko festak, musika elektronikoa eta komunikazioa

Z belaunaldiaren joera berria: eguneko festak, musika elektronikoa eta komunikazioa Gazteek rave kulturari eutsi diote, baina birmoldaketa batzuk eginda. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/z-belaunaldiaren-joera-berria-eguneko-festak-musika-elektronikoa-eta-komunikazioa/@@download/image/pexels-keeganjchecks-2880793.jpg
2025/07/23
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta

Gazteek rave kulturari eutsi diote, baina birmoldaketa batzuk eginda.
Z belaunaldiaren joera berria: eguneko festak, musika elektronikoa eta komunikazioa

Garai guztietan izaten dira ajeak, mota batekoak zein bestekoak, eta ziurgabetasuna, estresa, bakardadea, klima aldaketa, eta etxebizitzaren arazoa izan litezke gure garaian aipatu beharreko zenbait. Egoera horren aurrean elkartzea, konexioak eraikitzea, gauzak partekatzea... aberasgarria izaten da, eta eguneroko kezka eta ezinegonetatik askatzeko modua.

Horrekin lotuta, eguneko rave edo festak antolatzen hasi dira munduko txoko askotan. Musika elektronikoak hor jarraitzen du, baina inguruko elementu batzuk aldatu egin dira. Biltegietan, parkeetan, kafetegietan edo luxuzko tokietan elkar litezke egunez, eta ez da beharrezkoa itsutzeko moduko argi distiratsuak eta alkohola izatea. Horren ordez, yoga saioak, elkarrizketa sakonak eta kafeak izan litezke. Dantzarako lekua dago, baina baita hitz egin eta ingurukoekin bat egiteko ere.

Ez da ondo pasatze hutsa. Eta ezta munduaren gristasun edo goibeltasunetik ihes egiteko modua ere. Bertaratzen direnek lagunekin elkartu eta norbere buruarekin egoteko gogoa du. Batzuentzat protesta egiteko eta norbere burua adierazteko tokia ere izan daiteke, baina komunitatea da gakoa. Norbere buruarekin, gorputzarekin eta ingurukoekin batzeko modua. Mundu digitala tarte batez utzi eta aurrez aurre zure antzeko balioak eta helburuak izan ditzaketen pertsonekin une esanguratsuak partekatzeko aukera.

 

Izan ere, sare sozialen bidez elkarrekin lotuta eta komunikazioan gaudela iruditu arren, jende asko aurrez aurreko harremanek ematen duten igurtziaren egarriz dago. Elkartu, lagunekin edo ezagutzen dituzunekin egon, jende berria ezagutu, hitz egin, barnekoa partekatu eta harremanak eratu edo sendotzeko moduen bila.

Musikak ere laguntzen du horretan, emozioak eragiten dituelako gugan. Rave horietan kolektiboki senti ditzakete emozioak, elkarrekin partekatu, eta  musikaz, balio komunez eta energia kolektiboaz gozatu.