Z belaunaldiko %50 buru osasuneko gaiengatik tratamenduan dago

Z belaunaldiko %50 buru osasuneko gaiengatik tratamenduan dago Buru osasuna gizarteko kezketako bat da gaur egun eta hori ona da. Behingoagatik, aurreko belaunaldietan ezkutatu ziren gaiak mahai-gaineratzen ari gara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/z-belaunaldiaren-50-buru-osasuneko-gaiengatik-tratamenduan-dago/@@download/image/Captura de pantalla 2023-08-29 a las 9.47.55.png
2023/08/30
Buru osasuna gizarteko kezketako bat da gaur egun eta hori ona da. Behingoagatik, aurreko belaunaldietan ezkutatu ziren gaiak mahai-gaineratzen ari gara.
Z belaunaldiko %50 buru osasuneko gaiengatik tratamenduan dago

Laguntza profesionala bilatzea jada ez da tabua eta Z belaunaldiko, -1997-2012 artean jaiotakoak-, gazteen erdiak antsietateagatik, depresioagatik, trauma osteko estresagatik edota bestelako buru osasuneko arazoengatik tratamendua jasotzen dutela aitortzen dute. Hori dio behintzat Generation Z: Shaping the Future of Consumer Trends deitutako ikerketak. Lana Oliver Wyam aholkularitza erakundeak burutu du. 

Zergatik bilatzen dute Z belaunaldikoek laguntza profesional gehiago? Presio soziala, espektatibak akademikoen igoera eta sare sozialetan etengabeko esposizioa dira belaunaldi honen buru osasunean eragiten duten faktoreetako batzuk. Guztiari, pandemia garaiak gehitzen badizkiogu, horrek sortu zuen isolamendu sozialarekin, euren bizitza estiloan aldaketa zakarrei aurre egin behar izan dien belaunaldia da. Hala ere, arazoak arazoa, ikerketaren arabera Z belaunaldiak prestutasun handia erakusten du laguntza profesionala bilatzeko eta hori positiboa da. 

Gutxi gorabehera belaunaldi honetako gazteen erdiak tratamendua bilatu du euren buru osasuneko arazoei aurre egiteko. Kontzientzia gehiago dute norberaren ongizate emozionala zaintzeaz. Terapietara, aholkularitza psikologikoetara eta babes taldeetara jotzen dute. Ikuspegi proaktibo honek erakusten du gai hauek historikoki izan duten estimarekin hausten ari direla. 

Ikerketaren arabera, gazteen %24ak online terapiako zerbitzuak erabiltzen ditu, edo behintzat, azken bi urteetan erabili ditu. Honek erakusten du Z belaunaldi prest dagoela teknologia euren mesedetan erabiltzeko eta ohiko bideetatik at dauden aukeretatik ere laguntza jasotzeko. Sarean dauden aplikazio eta plataformek estresa eta antsietatea kudeatzeko baliabide eta tresnak eskaini ditzakete. Meditazio aplikazioetatik hasi eta esperientziak partekatzeko komunitateetaraino, baliabide digitalak bilatzea baliagarria da babesa eta aholkua jasotzeko. 

Argi dago beraz, Z belaunaldiarentzat buru osasuna gai garrantzitsua dela. Euren ongizate emozionalaren kontzientzia gehiago dute eta horregatik jotzen dute tratamendu bila belaunaldi honetako erdiek. Seinale pozgarria da hau, ezin baita sendatu tratatzen ez dena. Hater-ek Z belaunaldia kristalezko belaunaldia bezala definitzen badute ere, belaunaldi honek paradigmak aldatu ditu eta ongizatea barnetik bilatzen hasi da. Ausardia asko behar baita oinazetzen gaituen horri aurre egiteko.