Z belaunaldiak biniloaren aldeko apustua egin du

Z belaunaldiak biniloaren aldeko apustua egin du Formatu fisikoaren aldeko hautua egiten ari dira gazte asko, hainbat arrazoi tarteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/z-belaunaldiak-biniloaren-aldeko-apustua-egin-du/@@download/image/pexels-ellis-1389429.jpg
2026/02/10

Testua: Maitane Legarreta

Formatu fisikoaren aldeko hautua egiten ari dira gazte asko, hainbat arrazoi tarteko.
Z belaunaldiak biniloaren aldeko apustua egin du

Aro digitalean bizi bagara ere, eta egunerokoan musika hala entzuten dugun arren, biniloek ez dute gaurkotasunik galdu. Z belaunaldiak biniloak erosteko joerari heldu dio. Belaunaldi horren hamarretik seik biniloren bat erosi omen du azkenaldian, eta horietako askok ez dute disko-jogailurik ere. Balio musikala izateaz gain, identitatea adierazteko eta bizi diren lekuari nortasuna emateko erabili ohi dituzte.

Bizi gabeko garai baten nostalgiak ere zerikusia izango du. Formatu fisikora itzultzeko beharra nabari da, pantailekin galdutako arreta berriz geureganatzekoa: argazkiak inprimatu eta albumean gorde, paperezko liburuak irakurri, disko oso bat entzun biniloan... Babesa aurkitzen dugu etengabe teknologiaren menpe ez egonda.

Analogikora bueltatzeak presioa eta antsietatea hobeto kontrolatzen laguntzen dio askori, norbere burua besteekin hainbeste ez alderatzen eta etorkizunaren ziurgabetasuna tarte batez gogotik aldendu eta unean unekoa bizitzean arreta jartzen.

Bestelako arrazoiak ere badira. Gazte batzuek biniloak erosten dituzte disko-jogailurik izan gabe ere. Objektu estetiko modura ematen diote balioa, eta etxea dekoratzeko erabiltzen dituzte. Haien gustuak nabarmendu, artistekiko miresmena adierazi edo diskoak erakutsi nahi dituzte, haien identitate bisualaren ikur modura. 

Bildumak osatzeko joera ere zabaltzen ari da. Prezio aldetik ez dira beste zenbait gauza bezain garestiak, eta edizio mugatuak harrapatzea izaten da gakoa. Zenbait artistak binilo bat baino gehiaigo ateratzen dute, azal ezberdinekin eta bildumazaleak halakoen atzetik ibiltzen dira. 

Bestetik, komunitate izaera ere gara daiteke honen bidez: disko azoketara joan, edizioak trukatu edo sareetan bildumak partekatu. Haien diskoak erakusten dituzte eta kontsumo bisualaren eta sozialaren adibide bihurtzen dira.

Argi dago, beraz, uztargarriak direla streaming bidez musika entzutea eta biniloak izatea, bakoitzak gauza ezberdinak ematen baitizkigu.