Yurre Ugarte: "Beste euskalkien exotismoak erakartzen nau"

Yurre Ugarte: "Beste euskalkien exotismoak erakartzen nau" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/yurre-ugarte-quotbeste-euskalkien-exotismoak-erakartzen-nauquot/@@download/image/2012214409yurre_1360858667.jpg
2012/02/03
elkarrizketa
TESTUA: Saioa Baleztena
Yurre Ugarte: "Beste euskalkien exotismoak erakartzen nau"
Erotismoa begiradan ikusten du Yurre Ugarte idazle tolosarrak, eta fantasia, bere liburuetan bezala, sexuan ere ezinbestekoa dela dio. Baikorra da bera, eta amodiorik gabeko zoriontasuna irudikatzea zaila omen zaio.


Gidoigintzan hasi arren, literaturak limurtu zaitu. Zer du erakargarri? 
Sortzea da erakargarria eta ezinbestekoa. Niretzat, bateragarriak izateaz haratago, elkar elikatzen dute biek.

Egoera txar batek hobeago bat ekar dezakeela iradoki zenuen 'Gasolindegian' (2010) lanean. Bizitza sexualean ere baikorra al zara?
 Bai. Bikote harremanetan komunikazioan eta konplizitatean arazorik ez badago, sexuan oztopo guztiak gainditu daitezke. Behin gaizki ateratzen bada, ez etsi eta jarraitu. Plazera da eta ez obligazioa!

Guttiegitan egiten al dugu larrutan Euskal Herrian?
Klixeak hori dio, baina ez da batere sexia hori behin eta berriz errepikatzea. Gainera, klixeen erdia gezurra izaten da. Benetan nahi duenak egiten du.

Zenbateraino da amodioa bizigai edo bizi-iturri?
Egoismotik eta posesiotik urrun dagoen amodioa etengabeko bizi-iturria iruditzen zait.  Walt Whitmanek argi esan bezala, maitasunik gabe legoa bakar bat ere egiten duena bere hiletako segizioan doa hil-oihalez jantzita. Zaila egiten zait maitasunik gabe zoriontasunera heldu daitekeela pentsatzea.

Aurten bigarren aldiz izango zara Euskarabila elkarteak antolatzen duen Ipuin Erotikoen Lehiaketan epaimahaikide. Nahikoa erotikoak al gara euskaldunak?
Erotismoa begiradan dago, beraz, toki guztietan bezala, batzuk bai eta beste batzuk ez. Beste gauza bat da erotismo hori idatziz adierazten dugun edo ez...

Errealitatea eta fantasia uztartu izan dituzu maiz zure lanetan. Ze leku dute fantasiek zure bizitza intimoan?
Imajinazioak asko laguntzen du arlo guztietan eta kontua da egunerokotasun intimoan txinpartak sortzea. Desioak suspertzeko, fantasia ongi dago eta, horrelakorik ez baduzu, jarraitu Kamasutra lerroz lerro, eta bidai fantastikoak izango dituzu, edo gutxienez izerdi patsetan bukatuko duzu –barrez–.

Zein dira euskarazko hitz erotiko ederrenak?
Hitz arrunt bat erotiko bihurtu daiteke ahoskatzen den testuinguruaren arabera. Alderantziz, berez karga sexual izugarria duen hitz batek kontrako esanahia har dezake modu okerrean adierazteagatik. Jatorriz gipuzkoarra naizenez, beste euskalkien exotismoak erakartzen nau, bizkaierarenak edo zubererarenak, adibidez, oso erotikoak egiten zaizkit. Ahaide delezius huntan, muxu eztixe. Mmm!