Yosigoren "Azken urteak" erakusketa ikusgai Donostian

Yosigoren "Azken urteak" erakusketa ikusgai Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/yosigoren-azken-urteak-erakusketa-ikusgai-donostian/@@download/image/20127122929Yosigo-futbolaria.jpg
2012/12/13
berria
Jose Javier Serrano 'Yosigo' argazkilari eta diseinatzaileak 'Azken urteak' izeneko erakusketa zabalduko du bihar, uztailak 13, iluntzeko 19:00etan Donostiako Okendo Kultur Etxean. Argazkiak datorren abuztuaren 25a bitarte izango dira ikusgai.

Azken urteak Yosigok bere lanean egindako ibilbide kronologikoaren erakusle da. Hiriko paisaia ezagun eta arruntak irudi digitaletan bildu ditu analogikoekin nahastuz, gainontzekoon begiarentzat oharkabean pasatzen diren istant horiek harrapatuz. Egindako diseinu ikasketek artifiziorik, apaingarririk gabeko errealitatea ikusten lagundu diote artistari, eta halaxe aurkeztu ditu oraingoan ere.

Diseinatzaile eta argazkilari donostiarrak irudi borobilak egiten ditu, erabat orekatuak eta konposaketa perfektua bilatzen dutenak. Formek, koloreek eta lerroek zentzua hartzen dute bere irudietan, eta hurbileko paisaiak eta elementuak dira horien protagonistak.

Minimalismoa du ardatz, eta askotan photoshopa ere erabiltzen du argazkien kolorea hobetu eta forma emateko. Azken batean, ordenagailua da bere laborategia.

Erakusketa


Noiz: uztailaren 13tik abuztuaren 25era
Non: Donostiako Okendo Kultur Etxeko aretoan
Ordutegia:
  • Astelehenetik ostiralera 10:00-14:00 eta 16:00-20:30
  • Larunbatak 10:00-14:00 eta 16:30-20:00