'Yoko oporretan' animaziozko filma estreinatuko dute ostiralean

'Yoko oporretan' animaziozko filma estreinatuko dute ostiralean Familia osoarentzako filmak lau lagunen oporretako abenturak ditu ardatz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/yoko-oporretan-animaziozko-filma-estreinatuko-dute-ostiralean/@@download/image/las-vacaciones-de-yoko_2.jpg
2022/11/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Familia osoarentzako filmak lau lagunen oporretako abenturak ditu ardatz.
'Yoko oporretan' animaziozko filma estreinatuko dute ostiralean

Abenduaren 2an estreinatuko da Juanjo Elordi zuzendariaren eta Edorta Barruetabeña gidoilariarenYoko oporretan filma. Yoko eta lagunak (2015) filmarekin izandako arrakastaren ondoren, bigarren zati hau kaleratuko dute, eta bertan pertsonaiak banandu egingo dituzte opor batzuetan, errutinatik irten, esperientzia berriak bizi eta lagun berriak egiteko gai direla ikas dezaten, hasieran beldur izan arren.

61 minutuko iraupena du pelikulak, eta hiru eta zazpi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Hauxe da filmaren sinopsia: "Udako oporrak iritsi dira, eta, elkar ezagutu zutenetik lehen aldiz, lau lagunak banandu egingo dira. Mai, Oto eta Vik bidaian joango dira, bakoitza bere familiarekin, munduko hainbat lekutara. Yoko bakarrik geratuko da parkean Mirentxurekin. Zer egingo du Yoko gaixoak lagunik gabe? Eta hiru umeak izango al dira gai opor-lekuetan lagun berriak egiteko? Laurak daude urduri esperientzia berri honen aurrean, baina laster ohartuko dira, haurrak dauden lekuan, beti aurkituko dutela jolasteko gogoa. Gainera, irudimenarekin jolastuz gero, eta Yokoren magiaren laguntzarekin, erraza da lagunen ondoan sentitzea, urrun egon arren".

Filmeko pertsonaia nagusietako bat da Yoko, pertsonaia iragarrezina, gainerakoak harritzen eta babesten saiatzen dena. Bestetik, hiru umeak daude: Oto, Mai eta Vik. Hiru nortasun oso ezberdin dituzte, baina osagarriak dira eta, azkenean, beti ondo ulertzen dute elkar; jolasaren bitartez konpontzen dute sortzen zaien edozein arazo. Emanaldi berri honetan, gainera, beste hiru pertsonaia agertzen dira: Moko, Toko eta Izoko. Yoko bezala, jenioak dira, munduko beste parke batzuetakoak, eta haurrekin jolastuko dira, haien irudimena piztuz.

Telesailetik sortua
Filmeko pertsonaiak 2010ean sortutako telesaileko berberak dira. Hamabi minutu inguruko 79 atal ditu telesailak, eta 20 herrialde baino gehiagotan ikus daiteke, gurean ETBn. Bideo-joko, aplikazioa, eta bestelako merchandising-a ere sortu dute. 2015ean estreinatu zen lehenengo filma, Yoko eta lagunak, eta Goya sarietarako izendatu zuten, Animazioko Film Onenaren sarirako. Ikusleen Saria eskuratu zuen urte hartan bertan, Sevillako Jaialdian.