XXV. Euskal Encounter-ek BEC hartuko du

XXV. Euskal Encounter-ek BEC hartuko du Inoizko handiena izango da, 5.024 ordenagailurekin eta 8.000 parte hartzailerekin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xxv-euskal-encounter-ek-bec-hartuko-du/@@download/image/Euskal_Encounter_4.jpeg
2017/07/21
albiste-laburra
Inoizko handiena izango da, 5.024 ordenagailurekin eta 8.000 parte hartzailerekin
XXV. Euskal Encounter-ek BEC hartuko du

Uztailaren 22tik 25era bitarte, informatikaren eta bideojokoen zale eta profesionalen bilgune izango da Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre.

Parte hartzaileak 40 Gbps-ko abiaduran nabigatuko duten eta elkar konektatuta egongo diren 5.024 ordenagailuko sare erraldoian arituko dira, nor bere postutik. Jaialdi hau antolatzeaz arduratzen den Euskal Konekta Fundazioak azaldu duenez, hasiera batean 4.000 ordenagailu eskaini zituzten, baina 5,8 segundutan agortu ziren eta horregatik erabaki zuten eskaintza zabaltzea, “inoizko Euskal Encounter jendetsuena” antolatzeraino.

Hurbiltzen direnek software librearen, hardwarearen, arte digitalaren edota bideojokoen inguruko ekintza eta lehiaketetan hartuko dute parte. Bestalde, 25. urteurrenaren harira, hainbat berritasun ere badakartza, hala nola, umeek pilotatutako auto elektrikoak edota 360 gradutan irudiak proiektatzen dituen zine esferiko bat.

Sorpresak, opariak eta zozketak ere egingo dituzte parte hartzaile nahiz bisitarientzako. Izan ere, ordenagailu guneaz gain (soilik ordenagailu finko batean lekua erreserbatu dutenentzat), zonalde ireki bat ere proposatuko dute, Opengunea, hamarnaka ekintzarekin.

Euskal Encounter-a da, honezkero, informatika nahiz bideojokoen zale eta profesionalei zuzendutako estatuko “party”-rik zahar eta handiena.

Info+ eta egitarau osoa: https://www.euskal.org/eu/