XVIII. Giza Eskubideen Zinemaldia aurkeztu dute

XVIII. Giza Eskubideen Zinemaldia aurkeztu dute 'Yalda, la nuit du pardon' filmak, irekiera emango dio datorren apirilaren 23an Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiari. Guztira, 36 film (22 film luze eta 14 labur) proiektatuko dira, eta 5 erakusketa jarriko dituzte ikusgai. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xviii-giza-eskubideen-zinemaldia-aurkeztu-dute/@@download/image/1613757876_453400_1613759601_noticia_normal.jpg
2021/04/16

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

'Yalda, la nuit du pardon' filmak, irekiera emango dio datorren apirilaren 23an Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiari. Guztira, 36 film (22 film luze eta 14 labur) proiektatuko dira, eta 5 erakusketa jarriko dituzte ikusgai.
XVIII. Giza Eskubideen Zinemaldia aurkeztu dute

Pandemiaren osteko lehen ediziora 800 film labur eta 300 luze inguru aurkeztu direla azaldu du Beltranek, eta honenbestez, osasun krisiak lanen kopuruan eragin gutxi izan duela argitu du. “Gure programazioaren zati handi bat dokumentalek osatzen dute, eta pandemia garaian genero horrek ez du etenik izan. Hain zuzen, jaialdian ikusgai izango den Confinés dehors (Julien Goudichaud, Frantzia) lanak itxialdia du aztergai”.

Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea helburu duen zinemaldi honetako filmak ikusteko sarrerak astelehenean, apirilak 19, jarriko dituzte salgai, 4,5 euroan.

Besteak beste, Aita Mari (Javi Julio), Apaiz kartzela (Ritxi Lizartza, David Pallarès eta Oier Aranzabal) eta Traidores (Jon Viar) filmak eskainiko dituzte, filmen bidez migrazioa, frankismoaren aurkako borroka, gerra, LGTBIQ+ pertsonen aurkako jazarpena, adingabekoen aurkako sexu abusuak, Mendebaldeko Sahararen egoera, ETA eta bakarrik dauden adingabeak hizpidera ekarriko dituen jaialdian.

Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria

Jaialdiak urtero banatzen duen saria, halaber, Montxo Armendariz zinemagileak eta Puy Oria ekoizleak osatutako bikoarentzat izango da aurten.

Espainiako zinemagintzaren alorrean funtsezko figurak dira biak, historia hurbileko obra klasiko eta ezinbesteko hainbaten egileak, hala nola, Tasio (1984), 27 horas (1986), Las cartas de Alou (1990), Historias del Kronen (1995) eta Secretos del corazón (1997) klasikoenak. Saria jasotzeko ekitaldian, gainera, 2001ean aurkeztu zuten Silencio roto eskainiko dute, eta solasaldia egingo dute ostean.

Film laburrak

Ekoizpen laburrei dagokienez, ostera, hamabi izango dira epaimahai gazteak ikuskatuko dituen proposamenak, hala nola, Bad Omen (Salar Pashtoonyar, 2020) kanadar-afganiarra; Biografía del cadáver de una mujer (Mabel Lozano, 2020) espainiarra; La espera (Jakob Krese eta Danilo Do Carmo, 2020) alemaniar-brasildarra; eta Une nouvelle page (Bejamin Clavel, 2020) frantziarra. Zerrenda osorik kontsulta daiteke Giza Eskubideen Zinemaldiaren atarian. Lan guztiak emanaldi bakarrean ikusiko dituzte, Antzoki Zaharrean egingo duten maratoian, jaialdia abiatu aurretik.

Informazio guztia: zinemaetagizaeskubideak.eus/2021/