XVI. mendeko euskarazko eskuizkribua

Juan Perez Lazarraga jauntxoak XVI. mendean idatzitako eskuizkribua iraultza txiki bat eragin du euskal kulturan. Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen eskuizkribua, Madrilgo liburutegi batean, 66.000 euroren truke. Oñati eta Agurain ingurukoak ziren Lazarragatarrak, eta eskuizkribuaren egileak Arabako euskara erabili zuen. Zehazki noizkoa den ez dute oraindik esan ikertzaileek, baina eskuizkribua XVI. mendeko bigarren herenean idatzitakoa dela azaldu dute. 51 orrialde ditu idatziak, eta prosak ere tartea duen arren, bi herenak bertsotan eginak dira. Oro har, gai profanoei heldu zien Lazarragak, hala ere, harribitxi horretan bada idazki erlijiosorik. Amodiozko bertsoak ere ez dira falta: Ezkerokotxa, Barrundia, Asparrena, Luzuriaga, Langarika eta beste emakumeei zuzendutakoak. Horrez gain, abenturazko prosa lan bitxia ere irakur daiteke bertan. Bestalde, "eusquel erria" hitza agertzen da 18. orrialdean. Borja Aginagalde Eusko Jaurlaritzako Dokumentu Ondareen arduradunaren ustez, "testu honek XVI. mendeko gizartearen inguruan dugun ikuspegia aldaraziko du".