Xilaba bertso txapelketaren finala larunbatean

Donibane Lohizuneko Kanpos Berri Jai Alain jokatuko da Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko VI. Xilaba bertso txapelketako finala, larunbatean, 17:00etan. Amets Arzallus Antia, Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Hiribarren arituko dira bertsotan. Aurkezle lanetan, berriz, Aritz Bidegain eta Amaia Castorene arituko dira, eta sei epaile arituko dira bertsoaldiei puntuak ematen. Andoni Iturriozek jantziko dio txapela txapeldunari.
Finaleko sarrerak salgai dira Interneten, eta beste hainbat tokitan ere erosi ahalko dira: Senperen (Larraldea baserria eta Bertsularien Lagunak elkartearen egoitzan), Baionan (Elkar dendan), Hazparnen (Xuriatean), Donibane Garazin (Irulegiko Irratian), Pausun (Xaia ostatuan) eta Itsasun (Herriko Etxean). Streaming bidez zuzenean ikusteko aukera ere izango da Berria egunkariaren webgunean eta eitb.eus-en.
Irailaren 18an Makean hasi eta azaroaren 13an Donibane Lohizunen amaituko den txapelketa honetan, 24 bertsolarik hartu dute parte. Txapelketa trinkoagoa izanik, final aurrekotik finalera pasatzea "jauzi handia" izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, 18 bertsolaritik 6 baino ez baitira sailkatu. Ohikoa baino entzule gutxiago ibili dela ere azpimarratu dute, "osasun ziurtagiria eskatzeak eta, osasun egoerarekin loturiko debekuen ondotik, beste antolakunde anitzek memento berean ekimenak antolatzeak eragina izan dute segur aski".