Xiaomi-ren “emakumeentzako” mugikor haserregarriak

Xiaomi-ren “emakumeentzako” mugikor haserregarriak Askotan duda dut denboran aurrera ala atzera goazen. Duda hori areagotu dit Xiaomi mugikor enpresaren azken produktuak: Emakumeentzako mugikorrak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xiaomi-ren-201cemakumeentzako201d-mugikor-haserregarriak/@@download/image/1494513350_348761_1494513688_noticia_normal.jpg
2019/06/26

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Askotan duda dut denboran aurrera ala atzera goazen. Duda hori areagotu dit Xiaomi mugikor enpresaren azken produktuak: Emakumeentzako mugikorrak.
Xiaomi-ren “emakumeentzako” mugikor haserregarriak

Orain dela hilabete polemika sortu zen Casioren kalkulagailu arrosarekin, enpresak zionez emakume langileentzat bereziki sortua. Kolore arrosakoa, noski, ezin bestela. Broma bat zirudiena, ez zen broma izan eta komentario negatiboez gainezka egin zuen sareak. Bada orain, beste zentzugabekeria bat dagor Xiaomiren eskutik: publiko femeninoari zuzendutako mugikorra. Bai, bai, ongi irakurri duzu, emakumeentzako soilik izango den smartphone bat, edertasunean oinarritutako hardware eta software aurreratuenarekin.

Txinatar markari egokia iruditu zaio nonbait, mugikor “polit” bat ateratzeaz gain erabiltzaileen edertasuna makillatu eta selfieak potentziatzen dituen gailua ateratzea. Enpresak esan duenez, eta ez da txantxa, mugikorra emakumearen izateko erara egokitzen da eta argazkietan gorputza modelatzen duen filtroa du argalago azaltzeko. Zorionez, erreakzio negatiboak berehala iritsi dira eta Xiaomi oraindik denboraz dabil iragarkia erretiratzeko edota produktu berri honi beste mota bateko azalpen bat emateko.

Dena den, bere akatsa zuzentzen badu ere kezkagarriak dira 2019. urtean , feminismoa gero eta indar gehiago eskuratzen ari den urtean, oraindik horrelako produktuen ideia planteatzea bera. Haserregarria da zinez, ia barregarria. Haatik, eskaintza azaldu bada eskaera badagoela da, eta hori are eta kezkagarriagoa da. Nik uste nuen “neskentzako arrosa, mutilentzako urdina” bezalako banaketak erabat gaindituak genituela... Arazoa uste baino sakonagoa da eta gure esku dago horrelako enpresa erraldoiei erakustea edertasunak hamaika gorputz eta aurpegi dituela.