Xendarineko Ahizpak izango dira Ibarlan, 'Baserriko Uzta' ekimenaren baitan

Xendarineko Ahizpak izango dira Ibarlan, 'Baserriko Uzta' ekimenaren baitan Bikote urepeldarraren kontzertuaz gain, Oihanartia etxaldearen bisita, hamaiketakoa eta bazkaria egingo dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xendarineko-ahizpak-izango-dira-ibarlan-baserriko-uzta-ekimenaren-baitan/@@download/image/Xendareineko-ahizpak-mostaza-2-768x1086.jpg
2022/10/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bikote urepeldarraren kontzertuaz gain, Oihanartia etxaldearen bisita, hamaiketakoa eta bazkaria egingo dituzte.
Xendarineko Ahizpak izango dira Ibarlan, 'Baserriko Uzta' ekimenaren baitan

Nafarroa Behereko Ibarlako Oihanartia etxaldeak hartuko du bihar, hilak 8, Udazkeneko Baserriko Uzta ekimenaren ospakizuna. Etxaldeko Jean-Marie eta Mirentxuk bertako ateak irekiko dituzte parez-pare irekiko dituzte. EHKO kolektiboak azaldu duenez, "Ibarlako etxaldean betidanik haragirako behiak eta ardiak izan dituzte, baina 2008an produkzio ekologikora pasatzeko erabakia hartu zuten eta txerriak hazten ere hasi ziren. Orain behikiak, txerrikiak (kontserban ere bai) eta ardi esne eta gasna, dena ekologikoan, saltzen dituzte etxaldean bertan duten saltokian, Hego Euskal Herrialdeko azoka ekologiko batzuetan eta Sarako azokan".

Ekitaldia goizeko 10:30etan hasiko da ongi etorriarekin, eta jarraian etxaldea bisitatuko dute: ukuilua, gasnategia eta txerritegia. Eguerdiko hamabietan hamaiketakoa izango da, eta orduerdi geroago, Xendarineko Ahizpak, bikote urepeldarrak, kantu tradizionalez girotuko dute etxaldea. Azkenik, ordu bietan, bazkaria egingo da EHKO kolektiboko kideen baserrietako elikagaiekin osatuta.

Bertan parte hartzeko 30 euroko sarrera ordaindu beharko da, 6 eta 12 urte artekoek 15 eurokoa, eta sei urtez azpikoek doan izango dute. Aldez aurretik eman behar da izena EHKO kolektiboaren webgunean