Xegone: “Arrunt urduria naiz, baina uste baino hobeto ikusi dut nire burua telebistan”

Xegone: “Arrunt urduria naiz, baina uste baino hobeto ikusi dut nire burua telebistan” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xegone-arrunt-urduria-naiz-baina-uste-baino-hobeto-ikusi-dut-nire-burua-telebistan/@@download/image/20113166843Juan_Felipe_Saharrea_1.jpg
2012/12/13
berria
Xegone: “Arrunt urduria naiz, baina uste baino hobeto ikusi dut nire burua telebistan”
Juan Felipe Saharrea 'Xegone'. 42 urte. Ziga. ETB2ko El Conquistador del Fin Del Mundo saioan parte hartu du, Patagonian, baina berriki jakin dugu bera ez dela aurtengo irabazlea. Ikusleen saria irabazteko, ordea, gertu dabil baztandarra.

Nolatan eman zenuen izena 'El conquistador del fin del mundo' tankerako programa batean?
Batez ere lagunek animatuta. "Joan behar duzu, joan behar duzu!". Eta, hantxe joan nintzen: "Hartzen banaute ongi, eta bestela ere ongi".

Zigako belardietatik platoko foko artera badago ba aldea... non erosoago?
Badago aldea, bai. Baina ni edozein lekutan ibiltzen naiz ongi. Kameren aurrean ere ohitu naiz eta uste baino hobeto ikusi dut nire burua. Arrunt urduria naiz, baina uste baino lasaiago ibili naiz.

Zerbaitetan aldatu al da zure bizimodua Patagoniatik itzuli zinenetik?
Ez pentsa... jendeak babestu nau eta estimatu nau, baina nik berdintxu jarraitzen dut. Ezagutzen ez nauten askok esaten didate "Xegone! Hi telebistakoa haiz!" eta horrela.... baina ni igualtxua naiz kamera aurrean edo atzean, eta nire egunerokotasunak berdin jarraitzen du.

14 ofizio eta 15 miseria dituzula diozu, baina zertan dabil Xegone?
Aziendak eta baditugu hemen, mendian ere ibiltzen naiz baso-lanetan eta gero... pelikula eta hori... denetatik pixka bat, horregatik diot "14 oficio 15 miserias!" –barrez–.

Batzuek uste dute Julian Iantziren jarrera humiliantea izan zela zurekiko, gogorrena gazteleraz hitz egitea izan ote zen galdetu zizunean...
Urduri jartzen naiz eta igual egiten dut huts bat edo beste... baina ez, ez nuen gaizki hartu.

Orduan, zer izan da esperientzia honetatik, benetan, gogorrena eta ederrena?
Niretzat gogorrena gosea izan zen. Gosea... dioo! Hura bai! –barrez–. Eta politena lagun berriak egitea, jendea ezagutzea, nolakoa den ikustea.

Baina, horrelako reality showetan benetan egiten al dira lagun onak? Ez al da itxurakeria?
Ez, ez. Nik benetako lagunak egin ditut. Denekin aitz ongi moldatu naiz, baina Tolasekin eta Poxekin eta Kortarekin eta Nakorrekin eta... horiekin gehixeago. Eta mantentzen dugu harremana.

Zer esango zenieke programak zugan pertsona baino gehiago pertsonaia bat ikusi duela pentsatzen dutenei? Alegia, euskaldunon inguruko topiko guztiak biltzen dituen pertsonaren bila joan direla...
Ba, ez dut uste horrela izan denik e. Ez dakit... igual bai e! Nik uste zonaldetik bat hartu behar zutela eta.... nik apustuen kontua aipatu nien eta... beno! Umore puntu bat ikusiko zuten...  

Dagoeneko ezinezkoa da baina, irabaziko bazenu, zer egingo zenuke hainbeste milaka eurorekin?
Pentsatuko nuke, pentsatuko nuke... –barrez–.

Ikusleen saria lortzeko aukera baduzu oraindik... sarean makina bat jarraitzaile duzu.
Beno... ikusiko dugu! Alertatuta nago, ikusten ditut mensajeak eta historiak... esperantza ez duzu sekula galdu behar –barrez–.

Baztango turismo bulegoak kontratatuko zaitu behintzat!
Igual ez! –barrez lehertzen–.

Eta orain hauteskundeak datozela... Zigako alkatea baino famatuagoa zara!
Bai, dudarik ez egin! –barrez–. Baina niri politika ez zait gustatzen, ez diot kasurik egiten. Total... harek ez du jaten ematen!

Aizu, nolatan sartu zinen Baztan filmean?
Beraiek etorri zitzaizkidan. Apustu hura egina nuela jakin zuten eta galdetu zidaten ea animatuko nintzen berriz egitera. "Nik eskatzen dudana ordaintzen badidazue, eginen dut, bestela ez dut eginen", esan nien. Konforme geratu ziren eskatu nienarekin eta gero kontatu zidaten filmarena, behar nindutela... ea zaldi gainean ibiltzen nekien... eta nik baietz, txikitatik ez dut besterik ikusi! Baina pelikula grabatzea.... bua! Ni arrunt urduria naiz eta... –barrez–

...baina hasi zinen eta...
Hasi nintzen grabatzen eta... aitz trankil! Aitz trankil! Karmelo Gomez, Unax Ugalde eta horiekin eszenak grabatzen ere aitz trankil. Nire buruarekin harrituta.

Orduan ba al zekiten zu telebistan agertzekoa zinela?
Ez, ez. Pelikulak baditu bi urte hasirik.

Kristoren mesedea egin diezu!
Bai, beno... jendeari gustatzen bazaio, ni pozik.

Esperientzia errepikatzeko moduan?
Bai, bai. Gustura eginen nuke beste pelikula bat.

Bukatzeko, kate motzean lotuko zaitut. Aipatu film bat, liburu bat eta abesti bat.
Pelikula gehien gustatu zaidana Curro Jimenezen hura da, ez dut izena gogoratzen, zaldi gainean agertzen zena... zaharra da e! Itxututa geratzen nintzen hura ikusita. Liburua... ez dakit. Eta abestia ere.... beno, mariatxiak gustatzen zaizkit.

Zer kantatzen duzu dutxan?
Dutxan nagoelarik?! Bat ez! –barrez–.

Eta zer ikusten duzu telebistan?
Batez ere aizkora, pilota eta.... herri kirolak.

Zure sukaldean sekula ez da falta...
Ogia.

Nor bidaliko zenuke zerura eta nor infernura?
Zerura nehoi –barrez–. Eta infernura nire gogoko ez dudan besteren bat...

Bizio bat?
Ez dut biziorik... nesketan ibiltzea, horixe bizio bakarra! –barrez–.

Zer behar du Xegone konkistatuko duenak?
Ez dakit zer esan... maitasuna eta sizeritatea, zintzotasuna.