Xakearen sukarra

Xakearen sukarra Netflixen urteko telesail arrakastatsuenetakoa bihurtu da 'Queen's Gambit', jokoarekiko pasioa berpiztuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xakearen-sukarra/@@download/image/TQG_107_Unit_01210RC.jpg
2020/11/26
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Netflixen urteko telesail arrakastatsuenetakoa bihurtu da 'Queen's Gambit', jokoarekiko pasioa berpiztuz.
Xakearen sukarra

Xakea modan dago. Halaxe diote datuek; Netflixen urteko telesail arrakastatsuenetakoak joko klasiko honekiko interesa berpiztu du, batez ere AEBetan. 'The Queen's Gambit' mini-telesailak bikain erretratatzen du xakearen urrezko garaia, 60ko hamarkada; estetika finak eta joko errealistak xakea denon ahotan jartzea lortu du. Gainera, bada datu interesgarri bat: emakumeak dira xakearen mundura erakarrienak sentitu direnak, telesaileko protagonista bikainak inspiratuta.

Netflix plataforman ikustaldien errekorra gainditu du telesailak, 62 milioi pantailetan ikusi baitute; baina telesailetik harago joan da obsesioa, eta xakea bera modan jarri da. The New York Times-en arabera, telesailak oinarri duen Walter Tevis idazlearen 1983ko 'The Queen's Gambit' nobela top salmentetara igo da, estreinatu eta 37 urteetara; horrekin batera, Googlen munduan egiten diren bilaketetan 'nola jokatu xakean' galdera eta antzeko kontsultak errekorrak gainditu dituzte.

Xakearekiko sukarra ez da hor gelditu; Ebay-n egindako bilaketetan xake jokoen salmenta %250 igo da, eta Goliath Games orrialde profesionalean ere %170 igo dira jokoen salmentak. Gainera, Chess.com web orrialdeko partidetako bisitariak %400 igo dira. Youtuben ere nabarmen igo dira xakean jolasteko tutorialen bisitak.

Telesaila ez da xakea modan jarri izanaren erantzule bakarra; koronabirusak izugarri igo ditu jokoen salmentak, bai bideo-jokoenak zein mahaiko joko klasikoenak ere. Aurtengo Gabonetako opariak izango dira jokoak, jendearekin konektatu eta etxean ondo pasatzeko biderik onena baitira pandemia garaiotan.