Xabier Solano: “"Ez dakigu aurreko diskoko zenbat ale saldu ziren, horrek ez gaitu arduratzen”"

Xabier Solano: “"Ez dakigu aurreko diskoko zenbat ale saldu ziren, horrek ez gaitu arduratzen”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-solano-quotez-dakigu-aurreko-diskoko-zenbat-ale--saldu-ziren-horrek-ez-gaitu-arduratzenquot/@@download/image/2010633337esne__1362093838.jpg
2010/06/04
elkarrizketa
Testua: Igone Fernandez
Xabier Solano: “"Ez dakigu aurreko diskoko zenbat ale  saldu ziren, horrek ez gaitu arduratzen”"
Dagoeneko kalean da 'Noa', Esne Beltza taldearen bigarren diskoa, baina gu egun batzuk lehenago elkartu gara beraiekin. Gogotsu sumatu ditugu, aurkezteko prest duten lanarekin harro. Entsegu-eguna dutela aprobetxatuta, Ereñozura egin dugu haiekin bildu eta beren pozaren lekuko izateko. Xabier Solanok hitz egin digu.  

Heldu gara Ereñozura, eta herriko bati galdegin diogu non entseatzen duten Esne Beltzakoek. "Han, sarrerako etxe zuri eta gorri hartan". Bai, tronpeta hotsak aditzen direla iruditu zait. Atea zabaldu eta hantxe Jon Elizalde tuba jotzen; grabatzen ari da, txaranga baterako-edo. "Non dira besteak?" Hain talde handian diziplina ezinbestekoa dela sinetsita, 10:00etan den-denak bertan txintxo-txintxo zain izango nituela uste nuen. Inuzente halakoa! Tantaka iritsi dira Arantzatik, Irundik, Leitzatik… eta 11:00ak arte ez dira denak elkartu. Azkena: Jon Mari, Ereñozukoa, alboko etxekoa. Berea bai bekatua. Baina entretenigarria izan da itxaronaldia, ez pentsa, koadrila honekin ez baitago aspertzerik; adar jotze etengabea da eurena, sanoa, jatorra.

Hasierako apustuari –trikitia reggae, hip hop, ska eta soul doinuekin nahastearena– hertsiki heldu diozue ala ustekabean harrapatuko gaitu diskoak?

Estilo ezberdin asko dago honetan ere bai, aurrekoan baino gehiago seguru aski. Erritmo afrikar bat sartu dugu, adibidez, Senegaldar baten eskutik. Hortaz, mestizajea hortxe dago. Hala ere, azken honetako kantu guzti-guztiak ez dira lehenengokoak bezain alaiak.

Zergatik 'Noa'?

Talde honekin beti izan dugu gustuko bidaiatzea. Iaz Japoniara joan ginen, Madrilera, Bartzelonara… Aurten, berriz, Londresera joango gara, besteak beste. Beti gustuko izan dugu "noa" esatea, "ez dakit nora noa". Gainera, "nora zoaz?" galdetzeko ere balio dezake: noa? Hortaz, baieztapena da, baina galdera ere bai. Hortxe dago hitz jokoa. Bestalde, etorkinen inguruko abesti bat sartu dugu, eta kantuak dioenarekin bete-betean bat dator Noa kontzeptua.

Oker ez banago, diskoa bera ere nahiko ibiltaria da…

Bai, leku ezberdin askotan grabatu dugu-eta: lokalean bertan, Japoniako hotel batean… ordenagailu eramangarria alde batetik bestera ibili dugu. Andoaingo Garate estudioetan ere bai, Iparraldean Hazparneko estudio batean… Horretaz gain, kolaborazioak asko dira: Beirutekoek Beiruten bertan grabatu dute, Mexikokoek Mexikon… multikulturala da oso.

Mano Negraren bidea berreskuratu nahi izana aipatu duzue noiz edo noiz… eta orain Manu Chao bera duzue kolaboratzaile, ala?

Kilometrotako antolatzaileak saiatu dira Manu Chao lotzen, abestirako; baina azkenean ez da atera. Hala ere, guk ez dugu inoiz aipatu Mano Negraren kontu hori, besteek jarri dute hori gure ahotan. Gu, besterik gabe, alaitasuna ekartzeko saiakera egin dugu.

Eta 'Made in Euskal Herria'-rekin lortutakoa, behintzat, izugarria da. Utzi al duzue plazaren bat zintzilik?

Ez dut uste, kar, kar, kar! Pasada bat izan da, ez genuen halakorik espero eta oraindik ezin sinetsi gabiltza. Lehengo egunean, adibidez, Bilbon jo genuen eta jende pila bat etorri zen gu ikustera, denak gure kantak abesten, abestiak eskatzen… Ni neu, tarteka, letrekin nahastu egiten naiz eta beraiek laguntzen didate. Sorpresa handia izan da.

Zintzotasunez, zergatik uste duzu duela halako arrakasta proiektu honek?

Faktorerik inportanteena taldekideon arteko giro ona da. Denak lagunak gara, ondo pasatzea bilatzen dugu eta uste dut eszenatokian ere hori islatzen dela; entzuleek nabari dute 'rollo on' hori. Talde hau eratzeko, nire ibilbidean zehar egindako eta mantendutako lagunei hots egin nien, ondo pasatzea nuelako helburu. Hori da sekretua.  
…
eta mezuak argiak dira. Hori ere aldeko?

Letrak egiteko, Jon Garmendiari eskatzen diogu beti, nahiz eta aurrekoan Jon Mayak eta Maialen Lujanbiok ere kolaboratu zuten. Bai, beti nahi izan dugu mezua oso zehatza izatea, hala ere, Noak badakartza letra abstraktuago batzuk ere, irakurketa bat baino gehiago eduki dezaketenak eta, norberaren gogoaren arabera gauza bat edo beste adieraz dezaketenak.

Bigarren diskoa prestatzeaz gain, GaztEHerriarako kantua egin zenuten apirila hasierarako eta datorren urrian Pasaia-Lezon izango den Kilometroak jaiari ere jarri diozue doinua. Gauza asko denbora tarte laburrean. Hain presente egotea ona al da, ala taldea higatzen du?  
Egia esateko, ez da gure nahia izan leku guztietan egotea. Beraiek deitu digute eta gu beti izan gara sinesten dugun horrengatik borrokatzearen aldeko. Bi proiektu hauetan sinesten dugu eta horregatik egin dugu aurrera, hala suertatu da.

Bigarren diskoa dakarkizue orain. Beti ez da erraza izaten aurrez lortutakoari eustea. Susmo ona al duzue?

Aurreko diskoarekin esaten genuen: "Joe, hau harrera! Eta orain zer egin behar dugu ba?" Eta orain, berdin: "Hirugarrenean nondiko jo?", bide gehienak agortu ditugu eta. Hala ere, Noan egindako lanarekin oso gustura geratu gara eta ez dugu aurrekoa gainditzeko kezka hori. Guretzako disko bakoitza bakarra da, bakoitza bere garaikoa.

Kaki Arkarazok Berrian eginiko elkarrizketa batean zioen garai batean Negu Gorriakek egin zuen gidari lana egingo duten taldeak falta direla gaur egun; Berri Txarrakek eta Ken Zazpik antzeko papera jokatu dutela, baina ia hamarkada bat igaro dela ordutik. Zer deritzozu?

Nik uste dut ez dela gidaririk behar. Norberak argitu behar du zer nahi duen. Egia da Negu Gorriak kristorena izan zela, niri behintzat asko lagundu izan dit musikalki eta Esne Beltzako beste taldekide askok ere Fermin izan dute maisu –berarekin ibili dira biratan– . Kontua da lehen talde gutxi zeudela gaurko errealitatearekin alderatuta, eta horrelako testuinguruan errazagoa zela gidariak ateratzea. Pentsa, 80ko hamarkadako Euskal Rock Erradikalaren mugimendu hartan lauzpabost talde besterik ez zebiltzan, baina oraindik ere, txosnetan, RIP entzuten da adibidez. Edo gu, Etzakit. Nik uste dut euskaldunak halakoak garela neurri handi batean: belarrian zerbait sartuz gero…

Berak dio [Kaki Arkarazok] Internetek kalte handia egin diola sormenari. Gazteok izugarrizko kortozirkuitu informatiboa dugula eta, teknikoki oso prestatuta egon arren, arima falta zaigula sortzen dugun edozerk lehenago entzundako beste zerbait gogorarazten digulako…

Ez nago ados. Nire ustez oso lagungarria da. Guk DJa daramagu taldean, berak egun osoa Interneten sartuta ematen du eta horrek ikaragarri aberasten du egiten dugun musika. Lehen, disko bat lortzeko ero moduan ibili behar zenuen alde batetik bestera; orain minutu batean eduki dezakezu jaitsita. Beste kontu bat da irratiek saltzen dutena…, baina sormenari dagokionez behintzat, orain askoz ere ideia gehiago daude eta erraztasun handiagoa. Dena sareari esker.

Hortaz, Internet eta autore eskubideen inguruko eztabaida labainkor horretan, non kokatzen duzu zure burua?

Deskarga libreen aldekoa naiz, musika mugiarazten dutelako. Dendetan ez da ezer saltzen; mantetan, ordea, lau euroren truke bai. Horrela, gutxienez, jendeak musika entzuten du, eta hori ona da. Bestalde, kontuan izan Interneten, beste edonon bezala, bilatzen jakin behar dela.

'Noa' honek jendartean duen harrera neurtzeko adierazle fidagarriena: disko salmentak, zuzenekoetara hurbiltzen den jende kopurua ala deskarga piratak?

Guk ez dugu sekula begiratu lehenengo diskotik zenbat ale saldu diren adibidez. Guri kontzertuak ematea gustatzen zaigu, eta bidaiatzea. Hortaz, jendea biltzen jarraitzen badugu, gustura. Denok daukagu gure lana, ez gara honetatik bizi eta badakit horrek asko baldintzatzen duela gure ikuspegia.

Aizu, eta krisi ekonomikoa zer? Nabaritu al duzue?

Gure beste lanetan bai, baina jotzen ez. Dena dela, esaten dute kontzertuak asko jaitsi direla, gutxiago egiten direla. Baina, hala ere, krisia krisi, talde batzuek jarraitzen dute kontzertuetarako sarrerak eta diskoak ikaragarri garesti saltzen. Ni prezio merkeen aldekoa naiz, CDak ahalik eta merkeen saltzearen aldeko, bestela ez baitu inork erosiko. Orain jendeak ez dauka dirurik musikan gastatzeko, beste mila kontu ditu lehentasunezkoak.

Amaitzeko eta kuriositatez: inoiz neurtu al duzue kontzertu batean kilorik galtzen ote duzuen? Nik, behintzat, izerdi patsetan irudikatzen zaituztet oholtza gainean…

Kar, kar, kar! Ba… ez. Baina egia da topera aritzen garela eta hainbeste izanda ere giroa berotu egiten dela… gero bapo afaltzen dugu errekuperatzeko!