Xabier Silveira: "gaurko bizimoduak ez digu bizitzen uzten"

Xabier Silveira: "gaurko bizimoduak ez digu bizitzen uzten" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-silveira-quotgaurko-bizimoduak-ez-digu-bizitzen-uztenquot/@@download/image/42p16-1_1368035050.jpg
2004/06/04
elkarrizketa
Ainhoa Irazu
Xabier Silveirak 27 ditu eta lesakarra da. Nafarroko txapela irabazi du berriki. Lesakako Saski-Berri tabernan egiten du lan eta une honetan, Zaharrak Berri Tour ikuskizunarekin ari da. 

Nafarroako bertso txapelduna zara. Parranda txapeldun ere bazarela diote.
Ez dira parranda lehiaketak egiten, baina ongi moldatzen naiz. Afizioz egiten dut. Bertsoak bizio dira niretzat, eta parrandak afizio.

Bertsotan egiteko zer behar da?

Entzulegoa eta gogoa; gogorik gabe, zaila da.

Eta parrandan ibiltzeko?

Gogoa eta lagunak, eta besterik, gutxi.

Ika-mika sortu ohi duzu taula gainean. Isilik egoten ez dakien horietakoa al zara?

Ordu zehatz bat iritsi arte nahiko isilik ibiltzen naiz, baina gero isiltzen zaila izaten naiz.

Zeren aurrean zorrozten duzu mingaina?

Zuzenak iruditzen ez zaizkidan gauzen aurrean: Euskal Herriaren zapalkuntzaren aurrean, sistema honek emakumeak erailtzera eraman dituen gizonen aurrean.

Euskal Herriko gazteok, hala ere, gero eta gutxiago zorrozten omen dugu aizkora. Egia al da?

Baietz uste dut. Lanarekin eta etxebizitzarekin itsutu egin gara, eta bizitzaz ahaztu gara. Gaurko bizimoduak ez digu bizitzen uzten, baina bizimodu hori egiten saiatzen gara. Jendea itsutuegia dago diruarekin, eta dirua lortzeko behar duen lanpostua du kezka bakarra.

Amaren etxean bizi zara. Gustura?

Ez. Baina neure bizitza berrantolatzeko plan baten barruan dago hori. Garai bateko bizimodu anarkikoa amarekin egitea zailagoa zaidanez… Bere ganorara jo dut, nik gutxi dudalako. Hala ere, denbora gutxirako izango da.

Zer asmo duzu, bada?

Amaren etxetik joango naiz laster. Nik Euskal Herri osoan bizi nahi dut, eta badakit hori ezinezkoa dela. Orduan, leku guztietatik hurbil dagoen leku batean etxe bat bilatzen ari naiz, mugitzen ibiltzeko.

Taula gainean zuzena eta zorrotza. Eta egunerokoan?

Erakutsi zidaten zerua eta infernua existitzen direla, baina ez bizitzan, heriotzean baizik. Orduan, bizitzan onak direnak zeruan bizitzen dira, eta gaiztoak infernuan. Horregatik, egunero-egunero pertsona ona izaten saiatzen naiz. Egunerokoan nolakoa naizen? Hori nagoen pertsona eta unearen araberakoa izaten da.

Loti galanta omen zara...

Bai, oso. Gainera, norbaitek edo telefonoak edo iratzargailuak esnatuta, oso zaila zait egunari aurre egitea. Hori bai, esnatzen nautenean nire bizitzarako polita den zerbait proposatzen badidate, ez dit horrenbeste axola.

Eguzkitsuak, euritsuak…nolako egunak gustatzen zaizkizu?

Egunak baino, gauak nahiago.

Tabernari lana gogoko al duzu?

Ez. Lana ez zait gustatzen. Beti tabernaria izan naiz, eta beti pentsatu dut bolada baterako besterik ez nagoela hor. Beti amets egin dut beste zerbaitekin, baina ez dut argi zerbait hori zer den. Izan ere, bizitza honetan lan gutxi egitea pentsatu dut.

Zer moduz daramazu arrakasta? Miresle asko dituzu eta…

Ez dut uste inongo arrakastarik dudanik. Jende asko ezagutzen dut, jende askok ezagutzen nau, eta ez dut uste inork miresten nauenik. Akaso baten batentzat zerbait berezia izan naiteke, 'capullo' bat naizelako eta identifikatuta sentitzen delako.

Begirada ederra duzu, emakumeak sorgintzen al dituzu?

Hori eurek esango dizute.

Bertsolari punki bakarretakoa zinela aipatu zenuen behin. Artaldeko ardi beltza akaso?

Ezta pentsatu ere. Artalde beltz batean egon gara urte luzez, eta orain gero eta kolore gehiagoko ardiak datoz. Orain arte, jendearen ikuspuntua izan da okerra, ardi guztiak zuri ikusten zituztelako, baina alderantzizkoa zen. Bertsolari guztiak berdinak direnean dator arazoa.

Noizko bertso-punk talde bat?

Ez dakit bertso-punk talde bat osatuko dudan, baina proiektuak baditut. Musika talde bat egiteko asmoa dut. Nik abestu nahi dut. Lehen ere abeslari aritu nintzen Iruñeko Gestionik taldean.

Euskal Herriko gatazka aipatu duzu lehen. Irtenbiderik ba al du?

Bai, eta iristear da. Nola? Euskaldun guztiak elkartuta, baina denak ez dira alderdi politikoak. Nire ustez, alderdi politikoak ez dira inor. Gu geu elkartuta, di-da batean etorriko litzateke irtenbidea.