Xabier Sagardia (Entzun!): "Gure eginkizuna kalitatezko sorkuntzari ikuspena ematea da"

Xabier Sagardia (Entzun!): "Gure eginkizuna kalitatezko sorkuntzari ikuspena ematea da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-sagardia-entzun-gure-eginkizuna-kalitatezko-sorkuntzari-ikuspena-ematea-da/@@download/image/xabier_1417766900.jpg
2014/12/04
elkarrizketa
Saioa Baleztena / @SaioB
Euskarazko prentsak zeukan hutsune bat betetzeko asmoz sortu zuten 1996an, musikan espezializatutako Entzun! aldizkari euskalduna. Bihar egingo dute labetik atea berri den 64. Zenbakiaren aurkezpena Durangoko Azokan, eta gaur Xabier Sagardia (Iruñea, 1973) Entzun! liburuaren zuzenda­ri eta kazetariak, ale berriaren aurrerapena egin digu.


Urtero bezala, Durangoko Azokarekin batera kaleratzear da Entzun! aldizkariaren ale berria. Aurrerapenik egiterik bai?
Zaila da 144 orrialde dituen liburu bat hitz gutxitan laburbiltzea. Euskal Herriko musika dugu ardatz, eta hortaz aurten zer esateko eman duten talde gehienak daude liburu berriaren orrietan: BTX, Joseba Irazoki, Perlak, Ladislao, Cabezafuego, Oliba Gorriak, Bakelite, Borrokan, Eten… Bestalde, Garako Pablo Cabeza kazetariari elkarrizketa oso interesgarria egin diogu eta sakonean landutako erreportaje asko bildu ditugu: Emarock, Euskal abestirik luzeenak, Krautrock txostena, Buddy Bradley-ren gorrotoa… eta beste asko!

Eta diskoan zenbat taldek parte hartu dute aurten?
19 talde guztira. Guretzako ohorea da horietako talde bakoitzak CDan parte hartzeko kantu bat utzi izana. Zerbait azpimarratzekotan, Tutan Come On taldeak espresuki bilduma honetarako egin duen "Euskal Herriak rockeatzen du"  kantua aipatuko genuke. Sekulako apisonagailu sonikoa. Ereserki bat bihurtu beharko luke.Ilusio berezia egin digu baita ere, Nerea Erbiti & The Sustraians-en "Izango" kantua. Lehen rocksteady-a euskaraz? Segur aski, bai. Eta bueno, BTX-en "Helduleku guztiak" kantua bilduman izatea luxu bat da.

Emaitzarekin pozik, hotaz.
Bai, uste dugu bilduma aski interesgarria egitea lortu dugula. 2014an Euskal Herrian egin denaren lagin txiki bat da, baina adierazgarria ere badena.

Aldizkariak 12 urte bete zituenean, bihilabetekari izatetik urtekari izatera pasa zenl. Nola baloratzen duzu papereko edizioaren bilakaera?
Bihilabetekari urtekari izateko aldaketa gerora, segur aski, Entzun! bizirik mantentzea ahalbidetu digun aldaketa estrategikoa izan da. Paperaren oso zaleak gara, eta horregatik gutxienez urtean behin aldizkaria argitaratu behar genuela pentsatu genuen. Eta urtean behin bakarrik izanik, zergatik ez edizio oso berezi bat egin? Liburu formatuan eta CD batez lagunduta? Uste dut asmatu genuela.

Zein balorazio duzu, egungo euskal musikaren eszenaren inguruan?
Gai honek luze emango liguke hitz egiteko, baina labur-labur: Krisiak eragin handia izan du, baina baita ere publikoaren kontsumitzeko ohitura aldaketa sakonak ere (egungo gazteen edo duela 20 urteko gazteen artean adibidez, nabariak dira aldeak). Honek musikagintzaren sektore guztia irauli du, eta jada ez da inoiz lehen bezala izango. Aitzitik, krisiak, kontsumo ohitura aldaketek… sormena kaltetu dute? Ez. Gurean, sormen maila eta talentu handia dagoela uste dut. Baleko gauzak badirela? Bai, noski. Baina non ez? Gure eginkizuna, gure ustez kalitatezko sorkuntza horri bisibilitatea ematen saiatzea da. Dagoen atomizazioa eta informazio andana"antolatu", erreferentziak eta gakoak eman…

Paperekoaz gain, hala ere, azken urteotan Entzun.com ataria ere bizirik da.
Bai, noski. Urtekari izatera pasa ginenenean, argi genuen egunero sarean egon behar ginela musikari buruzko informazioa ematen. Entzun.com ataria jada existitzen zen ordurako (usten dut 2003an jarri genuela martxan), baina orduz geroztik kaña handia eman genion.

Entzun sortu zeneko helburu berdinen gainean lan egiten duzuela aipatzen duzue, baina, etorkizunari begira zein dira zuen erronka nagusiak?

Gure erronka bakarra bizirautea da. Gauzak zail xamar daude, baina ez dugu negar egingo. Horregatik dei egiten diegu Entzun! liburua (eta ataria) gustukoa duten musikazaleei berau eskuratzeko. Ez dugu crowfunding-ik egiten, baina berdin berdina da: 144 orriko liburua: 15 euro, eta 19 euskal talde eta kantuko CDa doan. Harpidetuz gero, etxera bidaltzen dugu liburua eta CDa gain-kosterik gabe.

Entzun! bilduma 2014


01 TUTAN COME ON Euskal Herriak rockeatzen du 04:08
02 BAKELITE Indarra 03:08
03 ESKEAN KRISTÖ Latigo! 03:53
04 VOLTAIA Erregerik Ez 04:30
05 LA HORA DEL PRIMATE Primatea naiz eta harro nago 02:45
06 JOSEBA IRAZOKI & LAGUNAK Baso ertzean 04:45
07 PERLAK Ahaztu hasteko 03:52
08 BORROKAN Noiz da gero 04:20
09 FLY SHIT Iratzarri 03:32
10 EZINEAN Ke todos... 01:48
11 EN TOL SARMIENTO (ETS) Zure Mundua 03:42
12 TANIA DE SOUSA Hiltzen ari naiz 03:45
13 MORAU TA BEÑARDO Agur esan nahi ez 04:14
14 NEREA ERBITI & THE SUSTRAIANS Izango 03:15
15 GOSARIAK Errua 04:25
16 LIBE Ihesaldi handia 04:21
17 HOGEITABIMETROKOADRO (22m2) Gelditzeko 03:38
18 KÀSHBÄD Lokatz Siderala 04:35
19 BERRI TXARRAK Helduleku guztiak 03:44