Xabier Perurena: “Txikitatik izan naiz pailazo samarra”

Xabier Perurena: “Txikitatik izan naiz pailazo samarra” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-perurena-txikitatik-izan-naiz--pailazo-samarra/@@download/image/20111066984xabier_perurena_2.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Testua: Antxoka Agirre
Xabier Perurena: “Txikitatik izan naiz  pailazo samarra”
Harrijasotzaile familiakoa izan arren, bestelako bide bat egin du berak: Harategian, tabernan eta Goenkaleko platoan egiten du lan. Sasoirik ez zaio falta, ordea. 

Goenkaleko zure pertsonaiak, betiko neskalaguna aldarean utzi eta Karibeko neska bategatik, neskalagunaren lagunik onena, aldatu zuen. Bizitza konplikatu xamarra da Arraldekoa, ezta?
Arralden bizitza errazik ez dago, denak konplikatzen dira! Pertsonaia bakoitzak dauka bere trama eta trama bakoitzak korapilo mordoa.


Eta Xabierrek zein ditu gustukoago, bertakoak edo karibetarrak?
Egia esatea nahi baldin baduzu probatu behintzat bertakoak bakarrik egin ditut eta besteak probatu gabe ezin esan… Kar, kar!!



Egia al da aktore izanda gehiago ligatzen dela?
Jendea hurbildu kaso egitera bai, gaztetxoak behintzat, baina ligatu nik behintzat askoz ere gutxiago. Momentu batean kezkatu ere egin nintzen, zergaitik ez dut ligatzen? Iruñean proba egitea erabaki nuen, giro erdaldunean. Ondo atera zen eta gustura, kar, kar, kar!!


Pentsatu al izan duzu inoiz, “joño, gertatu zaidan honek gidoi baterako balio dezake”.
Tarteka tokatzen zaizkit gauza kuriosoak, edozein pertsonaren bizitzan bezala… Lagunekin eta parrandan izandako kontuekin, adibidez, pelikula bat egiteko ez dakit baina sketx batzutarako emango luke…



Aktore lanak harategiko lanekin eta tabernako lanekin tartekatzen dituzu. Nola egiten duzu guztietara iristeko?
Nik uste dut beharrak laguntzen didala. Etxe bat egin dut eta horri buelta eman beharra dago. Momentu honetan sasoia ere badaukat gainera, 24 urte dauzkat, eta lana egiteko gogoa ere bai. Saiatu beharra dago. 

Harategiak eta platoak ez dute antz handirik izango.
Egia da platoan lagunekin egon eta jolas gehiago egiteko aukera daukadala baina bietan ibiltzen naiz gustura… Ez daukate zerikusirik, noski, baina harategian klase guztietako jendearekin izan dut tratua zortzi urtean eta nik uste hori lagungarri izan zaidala aktore lanerako. 

Aita eta anaia harrijasotzaileak izanik ez al duzu inoiz mundu horretara bideratzeko asmorik izan?
Orain gimnasioan aritzen naiz pixka bat, eta aurreko batean aitaren museoko 100 kiloko harri batzuekin egin nuen proba. Baina jolasean. Txikitatik izan dut garbi ez nuela hori nahi. 

Nondik sortu zitzaizun aktore bokazioa?
Txikitatik pailazo samarra izan naiz. Eskolan Goenkaleko Mikel "Tximaluze"-ren papera egin nuen batean oso ondo pasa nuela ere gogoratzen dut. Baina inoiz ez zitzaidan burutik pasatu aktore lanetan bukatuko nuenik. Hamasei urterekin harategian hasi nintzen eta hor jarraitzea baina ez nuen buruan. 

Madrilera ere joan zinen, ordea, zortea probatzera.
Duela bizpahiru urte gai hauei bueltaka hasi nintzen. Internet bidez casting batzuk lotu eta probatzeagatik ez nuela ezer galtzen pentsatu nuen.


Topatu zenuen lehen papera gogorra egin omen zitzaizun, "taparrabosa" jantzita Tarzanena egin.
Iritsi eta berehala suertea izan nuen eta Yo Soy Bea seriean papertxo hori eman zidaten. Musu bat eman behar nion aktoresa bati, gero berak zaplastekoa ematen zidan, sekulako hotza egiten zuen… Eta ez neukan ideiarik deusena. Hor konturatu nintzen ikasi beharra neukala. 

Kas-en telebistarako iragarkian ere arropa gutxirekin ateratzea tokatu zitzaizun. Planta onekoa izateak ate batzuk irekitzen ditu, ezta?
Bi horiek bakarrik izan dira arropa kentzekoak… Gainera ez naiz ni telebistan arrakasta duten metrosexual horietakoa. Handia bai baina tabletak eta kontu horiek ez… Oso zuria naiz gainera kar, kar !!


Miserias izeneko laburmetrai batekin ere ari zara lanean.
Lengo udan grabatu nuen baina arazo asko izan nituen. Gidoia goitik behera aldatu eta goitik behera neuk egitea da asmoa. Denbora gutxirekin nabil baina berehala hasteko asmoa daukat.


Zergatik gazteleraz?
Madrilen castingak egiten ibili nintzen garai hartan ordu asko egin nituen trenean aurrera eta atzera, eta orduan idatzi nuen. Casting batean trama baterako monologo bat idazteko eskatu zidaten eta hortik habiatuta atera zitzaidan.

Zein dira aktore bezala bete nahiko zenituzkeen ametsak?
Ahal dudan bitartean disfrutatuko dut eta ezin denean hasiko naiz beste gauza batzuetan pentsatzen. Baina saiatuko naiz aurrera egiten. Oso burugogorra naiz gainera.



Zer aurreratu dezakezu Goenkaleko denboraldi berriari buruz?
Ibonen pertsonaiarekin sorpresa handiak egongo dira. Ertzain bezala hasiko naiz, baina komedia ukitua izango du, berria naizenez hanka sartuko baitut. Gero etorriko dia trama fuerteagoak. Itsasorekin bizitzen jarriko da baina etorriko da Leonorren gizonaren alaba etorriko da, neskato gazte bat, ibon gustatuko zaio eta hor ere saltsa egongo da.   

Aitarekin ez duzu askotan topo egin Arralden.
Ez zaigu askorik tokatu orain arte. Baina gustatuko litzaidake diskusio fuerteren bat edo izatea... Ondo egingo genuke.