Xabier Paya: "Mila gauza txiki naiz, mila saltsa"

Xabier Paya: "Mila gauza txiki naiz, mila saltsa" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-paya-quotmila-gauza-txiki-naiz-mila-saltsaquot/@@download/image/71p33_1364905033.jpg
2007/02/02
elkarrizketa
Ziara Enbeita
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelaren markarik ez dakar. Erosi behar izan duen agendak diosku aldaketak egon direla. Eta sakelean barik, eskuetan duen telefonoak. Elkarrizketak, itzulpen lanak, bertso saioetarako deialdiak... Saltsa guztietako perrexila da oraindik. Agendako tarte zuriak eta telefonoaren isiltasun momentuak aprobetxatu ditugu Xabier Payarekin hitzordua jartzeko. Euskalduna Jauregian ez, baina bai, Bilbon. 

Bizkaiko txapelak pisu astuna ala arina dauka?
Astuntzen ari da. Saioak ekartzeko modua da, baina erantzunkizuna ere bada. Gustuko lekuetan eta ez hain gustuko lekuetan egoten jakin beharra sentitu dut batzuetan. Bada pisua, baina gustura hartu nuen.

Txapelak zer suposatu du Xabier Payarentzat?

Sinestezina da. Bizkaiko txapeldun izandako guztiak, niretzat, oso errespetagarriak dira, kalitate handiko pertsonak. Eta bat-batean esatea gradu hori niri eman didatela edota nik irabazi dudala... Oraindik ez dut asimilatu. Urtetan egindako lanaren emaitza da, baina ez nik egindakoarena bakarrik; nigatik egin dutena eskertzeko modua ere bada. Eta aurrera jarraitzeko akuilua.

Txapela aipatu dugu, baina bizitzan, zein beste momentuk markatu dute zure izaera?

Hasieran esan izan balidate txapela irabaziz gero, beste dena utzi beharko nuela, hasieratik esango nuen ezetz. Ni, hain zuzen ere, mila gauza naiz. Mila gauza txiki. Mila saltsa. Bertsoa oinarri sendoa da, baina ez da bakarra. Badaukat itzulpegintzaren mundua, material sorkuntzarena, musika ere oso garrantzitsua da niretzat… Eta horiek denak nire bizitzan, zelanbait esateko, olatuak dira. Batzuetan olatu batzuk daude besteen gainetik. Orain, bertsolaritzan, halako tsunami bat etorri zait. Baina ez dut ahaztu gura nik denen gainean doan surflaria izan behar dudala. Edo halako zeozer.

Bertsolaritza hainbat alderditatik ezagutu beharra egokitu zaizu. Ikuspegi ugari eskainiko zizun horrek, ezta?

Bai, duda barik. Bertso udalekuek aukera eman didate bertsolaritza oso modu informalean bizitzeko eta gozatzeko. Bertsolaritza ez da gaia, aitzakia da. Ondo pasatzeko aitzakia. Zazpi urte daramatzat horretan, eta asebete egiten nau. Itzulpengintzaren arlotik ere nahiko landu dut. Askotan ibili naiz bertsoak itzultzen. Eta horrek oso ikuspegi zabala eman dit. Komunikazio legez ikusteko, inprobisazio legez... Ez jardun tradizional kultural legez. Lankutik, materialgintzatik… bertsolaritzak zein gaitasun trebatzeko balio duen ikusteko aukera dut; bertsolaritza lantzen duen pertsona bati zer ematen dion. Oso garrantzitsua da ikustea bertsolaritza ez dela norabide bakarreko ezer. Poliedroa da, kasik biribila. Begiratzen duzun lekuaren arabera, ezberdina da.

Mila saltsatako perrexila. Musika aipatu duzu lehen; ez da afizio hutsa, gainera.

Nik, berez, ikasketa ertainak ditut musikan. Hamaika urte pasatu nituen pianoa joaz. Flautarekin ere zazpigarren mailara arte. Quebecera joandakoan utzi egin nituen. Dantza ere, zoritxarrez, utzi egin behar izan nuen, musikarengatik. Mila saltsatan ibiltzea gustatzen zait. Orain antzerki munduan sartu naiz apur bat: "Ama, quiero ser lehendakari" obra idatzi du Aizpea Goenagak, eta horko kanten letrak egin ditut. Bremenengo musikarien obra bat, italieraz errimatua, euskarara itzuli diot Gasteizko talde bati. Halako gauza politei nik ezin diet ezetz esan.

Eta hori guzti hori egiteko denbora nondik ateratzen duzun ere galdetuko du norbaitek...

Neuk ere askotan galdetzen diot neure buruari! Inoiz bidali izan ditut e-mailak 03:00etan. Ordu horretan amaitu dudalako lanen bat. Nik, normalean, proiektuka lan egiten dut. Gauerdiko 12:00etan gorputzak ez badit lo egiteko eskatzen, proiektuak aurrera jarraitzen du. Batzuetan igartzen dut estu samar nabilela denboraz, baina horrelakoetan ezetz esaten ikasi dut. Ezetz esatea handik gutxira barkamena eskatzea baino hobea dela ikasi dut denboraren poderioz.

Eta zer da, zuretzat, atseden hartzea? Zelan egiten duzu hori?

Buruak atsedena behar duenean, sofan etzanda egoteak ez du ezertarako balio. Nik, batez ere ahal badut, deskonektatu egiten dut; hainbat plan egin. Eta gorputzak atseden har dezan, lo. Lo egitea asko gustatzen zait. Ederra da.

Xabierrek zer dauka Payatik eta zer, Ruizetik?

Ni oso Ruiz naiz. Amak dio, batez ere, oso Braceras Badillo naizela; gure amaren amaren abizenak dira horiek. Itxuran ere amaren partekoa naiz oso. Payatarretatik zer daukadan? Aitaren burugogorkeria. Gure kasua berezia da. Aita itsas gizona da, eta kanpoan ibiltzen da. Oso matriarkala da gure familia. Horrek ez du esan gura aita maite ez dudanik. Nik, finalean, ama aipatzen nuenean, aitak badaki zeharka bera ere aipatzen nuela. Berak onartu duelako, berak erabaki duelako, amak dena eramatea.

Familia kontzeptu hori nahiko mantendu duzue zuek, ezta?

Fredi eta biok Arrasaten izan genuen lehenengo bertso afaria elkarrekin, eta lehenengo agurrean bota nion: "Aspaldiko, bazen garaia zurekin afaltzeko". Egokitu zaigun bizimoduarengatik, orain askotan ez gara batera egoten. Nork bere mundua dauka, bere esparrua... Baina, guretzat, kontzeptu garrantzitsua da familia. Horixe transmititu digutelako, beharbada. Izenak ere familiaren arauen arabera jartzen dizkigute guri. Fredik izen hori du gure aita Alfredo delako, eta bigarren izena ere badauka. Neu Xabier naiz, aitabitxia Jabier delako.

Itsaso da tradizioa jarraitu ez duen bakarra...

Hor estatu kolpea eman genuen Fredik eta biok. Itsasori amaren izena eta aitaren amarena egokitzen zitzaizkion. Ama apur bat engainatu egin genuen, eta Fredik Itsaso jartzeko esan zion. "Ama, begira, aita itsasgizona da, eta itsaso "mar" da". Eta Fredik izen bat esan eta zelan ez nuen nik ere esango! Niri Amaia izeneko neska bat gustatzen zitzaidan orduan eta... "Ama,  mas bonito que Itsaso es Itsaso Amaia, que es como el horizonte del mar".

Zelan deskribatuko zenituzke zure neba-arrebak?

Fredi oso noblea da. Gogorra dela ematen du, baina zintzoa da. Gauzak erabat sentitzen ditu, eta pasionala da. Egiten duen guztia munduko gauzarik handiena da; berak horrela sentitzen du eta horixe transmititzen du. Gero, Payatarren burugogorkerian, burugogorrena da bera. Hiru neba-arrebon artean herrikoiena ere bada. Itsaso mundua deskubritzen ari da, eta nahiko deskubrituta dauka. Batzuetan oso erromantikoa da. Oso detailista ere bada. Balio handia ematen die oso gauza txikiei. Eta burugogorra baino gehiago, gauza batzuetan, erradikala da.

Eta zure ustez, zelan ikusten dute eurek biek Xabier?

Niregana laguntza eske jotzen dutela esango nuke. Neure planetan nabilela esango lukete, beharbada. Itsasorekin, beharbada, gehiago konpartitzen dut, baina Fredik, halako batean, "Peter Pan" itzuli dudala dakienean…

Eta zer falta duzula uste duzu zuk?

Ni oso ezkorra naiz, eta akatsak besterik ez ditut ikusten. Gero, batzuetan, ez dakit ezetz esaten. Karga handiegiak hartzen ditut. Eta estresatu egiten naiz. Eta estres hori gero transmititu egiten dut. Eta ez zait gustatzen, jendeak erreta nagoela pentsa dezakeelako. Kirolaren kontu hori ere badago. "Mens sana in corpore sano" bete gura dut. Kirola egin dudanean on egin dit. Asko lagunduko dit gauzak ondo banatzen eta zehazten. Kanpora joateko ere itzelezko gogoa daukat. Bertsozale Elkartea, garai batean, neure bidaia agentzia izan da. Hori amaitzen ari da. Quebeceko urteak bizimodua asko aldatu zidan; kirol asko egin nuen, bizimodu ordenatua nuen… Ez dakit noiz, baina ihesalditxoren bat egin nahi nuke. Musikari ere heldu nahi nioke; orain ere etxera haserre heltzen naizenean, piano aurrean jartzen naiz.