Eseri sofan lasai, piztu telebista, aukeratu duzun telesaila topatu dagokion plataforman, eta gozatu!
1. Heartstopper (Netflixen)

Charlie Spring izeneko mutil lotsatiaren eta Nick Nelson rugby jokalariaren arteko harremanaren ingurukoak kontatzen ditu. LGTBI+ maitasun istorioaz gain, beste hainbat gai ere badira, hala nola identitatea, antsietatea, elikadura-nahasmenduak, harreman osasuntsuak, norbere burua maitatzea, lagunen babesa, eskola jazarpena, homofobia eta transfobia. Hirugarren denboralditik aurrera jorratzen ditu bereziki osasun mentalaren inguruko kontuak.
2. Sex Education (Netflixen)

Otis ez da oso trebea harreman sozialetan, baina ama sexu-terapeuta denez, gai horren inguruko jakintza teoriko handia du. Maeve lagunarekin batera, klinika klandestino bat irekiko du institutuan, bertako ikasleei haien zalantza eta arazo intimoekin laguntzeko. Sexualitatea ez ezik, autoestimua, depresioa, bullyinga, familia-presioa eta identitate pertsonala ere lantzen ditu, umorez eta enpatiaz.
3. Euphoria (Prime Videon, HBO Maxen eta Movistar Plusen)

Rue Bennet izeneko 17 urteko nerabea da istorioaren protagonista nagusia. Aita hil ondotik, droga mendekotasuna eta osasun mentalarekin lotutako arazoak ditu. Telesailak haren bizitza eta inguruko ikaskideena aztertzen du eta droga, sexua, sare sozialak, traumak, antsietatea eta depresioa, maitasuna, biolentzia, identitatearen bilaketa eta adiskidetasuna ditu ardatz. Telesailaren gordinkeria, tonu iluna eta estetika bisuala nabarmentzen dute askok.
4. Atypical (Netflixen)

Autismoa duen 18 urteko Sam gaztearen bizitza eta haren familia-harremanak kontatzen ditu, identitate eta independentzia emozionalaren bueltan. Sam oso azkarra da eta harreman sozialetarako zenbait baliabide garatu ditu horri esker. Neska-laguna izateko garaia dela erabakitzen duenean, amak jartzen dizkion oztopoei aurre egin beharko die, eta amak haren lekuan jarri eta eskatzen diona ulertu beharko du. Autismoa ezagutzeko eta hobeto ulertzeko aukera ematen du.
5. My Mad Fat Diary (Prime Videon eta Movistar Plusen. Primeran plataforman, baina ez osorik)

90eko hamarkadan kokatua, Rae Earl izeneko 16 urteko neska da protagonista. Ospitale psikiatrikotik atera berria da, eta eguneroko bizitzara egokitzen saiatzen da. Bidean gorabeherak izango ditu, depresioa eta antsietatea dela eta, eta bere burua autolesionatuko du. Horrez gain, bere gorputzarekin eta autoirudiarekin ere ezinegonak ditu. Elikadura portaerak eta autoestimua lantzen ditu, errealismo eta umore handiz.
6. Never Have I Ever (Netflixen)
Devi Vishwakumar indiar jatorriko neska estatubatuarraren bizitza kontatzen du. Aitaren bat-bateko heriotza eta hanketako paralisia bizi izan ondoren, garai hori atzean utzi eta hainbat helburu jarriko dizkio bere buruari: mutil-lagun erakargarri bat izatea, eta institutuan ospea lortu eta festetara joatea. Bere tokia aurkitu nahiko du nolabait. Horetaz gain, doluari, harekin zorrotza den amari eta bere inpultsibitateari aurre egin beharko dio. Dolua, antsietatea eta gizartearen eta kulturaren presioa erakusten ditu.
7. Skins (Prime Videon)

Nerabe talde baten bizitza eta gaztaroan sortzen zaizkien egoerak kontatzen ditu. Elikadura eta pertsonalitate nahasmenduak, osasun mentalarekin lotutako gaixotasunak, familia arazoak, drogak, harreman toxikoak eta beste hainbat kontu ditu kontagai. Oso gordina eta errealista da eta bi denboraldiz behin pertsonaiak aldatzen dituzte. Zazpi denboraldi ditu guztira.
8. 13 Reasons Why (Netflixen)
Hanna Baker nerabeak bere buruaz beste egingo du institutuan jazarpena, traizioak eta hainbat dezepzio bizi izan ondoren. Kasete batzuk grabatuko ditu hil aurretik, eta bertan azalduko du zergatik hartu duen erabakia. Suizidioa, bullyinga, depresioa eta trauma lantzen ditu. Nahiko eszena esplizituak ditu, eta, hori dela eta, ikuslearen adinaren arabera, beste norbaitekin batera ikustea gomendatzen da.
9. Young Royals (Netflixen)

Suedikako Wilhem printzearen istorioa kontatzen du. Hillerska izeneko barnetegian sartuko da, eta Simon Eriksson izeneko ikasle bekadunarekin maiteminduko da. Wilhem errege bihurtuko da ezustean, eta horrek betebeharren eta bihotzaren arteko gatazkak sortuko dizkio. Presio soziala, identitatea, antsietatea eta maitasun harremanen zailtasunak ageri dira.
10. Trinkets (Netflixen)
Lapurreta mendekotasuna duten hiru nerabek errehabilitazio taldean ezagutuko dute elkar. Oso ezberdinak izan arren, adiskidetasun harreman sendoa sortuko da haien artean. Adiskidetasun berrien bueltan, haien arazoak gainditzen saiatuko dira. Telesailak aurrera egin ahala, haien jokabidearen atzean ezkutatzen diren arrazoiak ezagutuko ditu ikusleak. Trauma, dolua, presioa eta norbere identitatea eraikitzeko zailtasunak dira telesailak jorratzen dituen zenbait gai.