Xabier Paya, Garazi Urkola, Hodei Arrastoa eta Iñaki Cid Larrearen soinu-fikzio proiektuak aukeratu dituzte 'Audiogile Berriak' deialdian

Xabier Paya, Garazi Urkola, Hodei Arrastoa eta Iñaki Cid Larrearen soinu-fikzio proiektuak aukeratu dituzte 'Audiogile Berriak' deialdian Hiru proiektuek 2.000 euroko laguntza jasoko dute, eta Harkaitz Canoren aholkularitza izango dute. Horietatik bat hautatuko dute EITBk ekoitzi eta zabaltzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-paya-garazi-urkola-hodei-arrastoa-eta-inaki-cid-larrearen-soinu-fikzio-proiektuak-aukeratu-dituzte-audiogile-berriak-deialdian/@@download/image/9l2a5268_0.jpeg
2024/03/01

Irudiak: Tabakalera

Hiru proiektuek 2.000 euroko laguntza jasoko dute, eta Harkaitz Canoren aholkularitza izango dute. Horietatik bat hautatuko dute EITBk ekoitzi eta zabaltzeko.
Xabier Paya, Garazi Urkola, Hodei Arrastoa eta Iñaki Cid Larrearen soinu-fikzio proiektuak aukeratu dituzte 'Audiogile Berriak' deialdian

Tabakalerak eta EITBk sortutako ekimena da Audiogile Berriak eta euskarazko soinu-fikzioa sustatzea du helburu. Horretarako, prestakuntza, denbora, espazioa, laguntza profesionala eta finantza-laguntza eskainiko dizkie aukeratutako sortzaileei gidoiaren garapena lantzeko. Deialdi honetan honako hauek hautatu dituzte euren proiektuak gara ditzaten: Xabier Paya Ruizen Autopsiak, Garazi Urkolaren eta Hodei Arrastoaren Enkantea, eta Iñaki Cid Larrearen Errautsak. Proiektuetako bat hautatuko dute gero, EITBk ekoitzi eta zabaltzeko.

Xabier Payaren Autopsia proiektuak Euskal Herriko gorputegi bateko forentsearen grabagailuko bost grabazio izango ditu ardatz. Bost gorpuak ez dira edozein, eta ez dira edonola hil. Forentseak eta gorputegiko laguntzaileak kanpotik eta barrutik behatu beharko dituzte hildakoen gorpuak, baita eurekin agertutako jabetzak ere, heriotza bakoitzaren zergatiaren aztarnen bila.

Garazi Urkola eta Hodei Arrastoaren Enkantea audio-fikzioan Galarreta andereak hainbat pertsona prestigiotsu gonbidatuko ditu bere jauregian ospatuko den enkantera, eta bertan bere senarrak hil aurretik sortu zuen bitxi preziatuena jarriko da eskuragai: diamante urdinaren lepokoa. Ospakizuna hasi aurretik, ordea, jauregiko argiak itzaliko dira bat-batean eta kristal bat entzungo da hausten. Argia itzultzean, bitxia desagertu egin dela ikusiko dute gonbidatu guztiek. Gonbidatuen artean dagoen Otxoa ikertzailea kasua argitzen saiatuko da.

Iñaki Cid Larrearen Errautsak proiektuan Koro, Isa, Nuntxi eta Maite izango dira protagonistak. Laurak lagunak dira txiki-txikitatik. Gaur egun gutxiago ikusten dute elkar, baina elkarrekin duten Whatsapp taldea dela-eta lau lagunak inoiz baino batuago daude. Egunero bidaltzen dizkiete mezuak elkarri, eta audioak bidaltzen ikasi dutenetik, elkarrekin egongo balira bezala sentitzen dira; izan ere, lau lagunak bakarrik bizi dira eta talde hau bakardadearen aurkako sendagai bilakatu da. 

Programaren lehen fasea Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian izango da, maiatzera bitartean. Deialdian hautatutako hiru proiektuek 2.000 euroko laguntza jasoko dute gidoiaren garapenean lan egin ahal izateko, eta Harkaitz Canoren banakako aholkularitza izango dute,. Bestetik, prestakuntzako eta gidoia garatzeko trebakuntza saio bereziak ere izango dituzte. Esaterako, Jose Antonio Perez Ledorekin La firma de dios soinu-fikzioaren gidoia landuko dute, eta EITB eta Ulumediarekin podcasterako prestakuntza teknikoa .