Xabier Madariaga: “Gaza eta Zisjordanian kartzelan bezala bizi dira"

Xabier Madariaga: “Gaza eta Zisjordanian kartzelan bezala bizi dira" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-madariaga-gaza-eta-zisjordanian-kartzelan-bezala-bizi-diraquot/@@download/image/61p22-2_1365712332.jpg
2006/03/03
elkarrizketa
Jon Odriozola
Xabier Madariaga duela 24 urte jaio zen Bilbon. Gaztea izan arren, esperientzia handiko kazetaria da, eta azken urteotan, bere ahotik entzun ditugu nazioarte mailako albiste garrantzitsuenetako batzuk. Jerusalemen bizi da Xabier, palestinarrek eta israeldarrek gutiziatzen duten hiri sakratuan. Israel eta Palestinaren arteko gatazka hori da, hain zuzen, Xabierrek egunero ikusten duen paisaia. Israelgo hiriburuan, Tel Aviv-en, elkarrizketatu dugu.

Mahomaren karikaturak direla-eta, zalaparta ederra piztu da mundu osoan…
Gaza eta Zisjordaniako herritarren artean egonezina sumatu dut, eta Gobernuz Kanpoko Elkarte europearrek ordaindu dute haserre hori; sarri, erasoak jasan dituztelako. Batetik, Europak errespetu gutxi erakutsi du auzi honetan, eta, bestetik, herri musulmanen erantzuna ez da batere aproposa izan. Europarrak ez dira konturatu, munduko bazter askotan, erlijioa ez dutela guk sentitzen dugun eran bizi; beste leku batzuetan askoz ere fededunagoak direla, alegia. Bistan da, komikiak argitaratzeko orduan, ez dutela kontuan hartu hori guztia.

Danimarkako produktuen aurkako boikota deitu dute zenbait talde islamiarrek. Dei horrek oihartzunik izan al du?

Bai. Jihat Islamikoak, produktuei boikota egiteko kartelak ipini ditu Jerusalemen, eta deia egin du, dendetan daniar produktuak eros ez daitezen. Hamas erankudea, aldiz, gobernuan dago gaur egun, eta hori dela-eta, ez du saltsa horretan sartu nahi izan. Hain zuzen, Hamaseko buruzagiak barkamena eskatzen aritu dira herritarrek egindako gehiegikeriak direla-eta.

Auzi honetan, zer lehenetsi beharko litzateke: erlijio askatasuna ala prentsa askatasuna?

Ez da erraza erabakitzea; hemen lanean dihardugun kazetarion artean ere, asko eztabaidatu dugu horretaz. Prentsa askatasuna defendatu behar da, baina, beti ere, erlijio askatasuna errespetatuz. Ez da gauza erraza.

Polemikaren ostean, Frantziako bi aldizkarik Mahomaren karikaturak berrargitaratu egin zituzten. Eta aldizkariak kaleratu orduko, ale guztiak agortu ziren…

Sortu den iskanbila ikusita, iruditzen zait morboak eraginda kaleratu dituztela karikatura horiek, eta jendeak ere, jakin-minez erosi dituela. Baina, egia esan, karikaturak berrargitaratu izana, probokazioa hutsa iruditzen zait.

Zure lankide arabiarrek zelan erreakzionatu dute?

Kazetari arabiarrak minduta daude; baina, era berean, karikaturen auziari emandako erantzuna ez zaie batere bidezkoa iruditzen. Euren ustez, indarkeriazko erantzun bortitzek ez dute inolako zentzurik.

Hamalau hilabete igaro dira Yasser Arafat hil zela. Harrez gero, zer aldatu da Ekialde Hurbilean?

Arafat hil eta segituan, iparamerikarrek eta israeldarrek, "aro berria" hasi zela, eta "Arafat gabe bakerako aukera handiagoa" izango zela adierazi zuten. Ez da horrela izan, ordea; ezta gutxiagorik ere. Garai batean Arafati leporatzen zizkioten gauza berak egozten baitizkiote orain Mahmud Abbasi, Palestinako Aginte Nazionalaren (PAN) presidenteari. Arafati, terrorista zela esaten zioten, eta ezer gutxi egiten zuela talde armatuen kontra; eta orain, gauza bera leporatzen diote Mahmud Abbasi.

Duela gutxi, Palestinako Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi ditu Hamas erakundeak. Zeintzuk izan dira olatu berde-beltzaren garaipen horren arrazoiak?

Al Fata, Yasser Arafaten alderdia zena, zigortu egin nahi izan dute palestinarrek. Ez zait iruditzen erlijioak, Islamak, zerikusirik izan duenik bozketa horietan. Al Fatako buruzagi gehienak ustelkeria kasuetan nahastuta ibili dira, eta hori izan da bozketak galtzearen arrazoi nagusia.

Duela 19 urte jaio zen Hamas erakundea. Hamasekoek sekula pentsatuko al zuten "Intifada demokratikoan" garaipena erdietsiko zutenik?

Ez. Hala ere, hauteskunde egunean, jendeari noren alde bozkatuko zuen galdetu orduko, askok aitortu zidaten: "Ez naiz Hamasekoa, eta orain arte beti Al Fataren alde egin dut. Baina, gaur, Hamasi emango diot botoa", aitortu zidaten. Eta azkenean, Hamas garaile.

Europako Batasunak eta AEBek mehatxu egin diote Hamas alderdiari: borroka armatua utzi eta Israel onartzen ez badu, amaitu egingo direla Palestinari ematen zaizkion dirulaguntzak. Zein jarrera hartuko du Hamasek?

Orain Hamas gobernuan dago, eta hori dela eta, aurrerantzean orain arte baino pragmatikoagoak izango direla iruditzen zait. Izan ere, "Israel suntsitzea da gure asmo bakarra" eta antzeko aldarrikapenak, baretu egin beharko dituzte aurrerantzean. Diskurtsoa arindu egingo dute; bere garaian, Yasser Arafat buru zuen Al Fatak alderdiak egin zuen bezala. Gogoan izan behar da, hasieran, Yasser Arafatek eta Al Fata alderdiak ere, ez zutela Israel hitza aipatu egiten, baina pixkanaka, aldatu egin behar izan zutela jarrera, negoziaketek aurrera egin zezaten. Hala ere, horrek ez du esan nahi, Hamasek bihar bertan Israelgo Estatua onartuko duenik. Dena den, gauza bat argi dago: negoziaketek aurrera egin dezaten nahi dutela adierazi dute. Horrez gain, Hamasek adierazi du, Palestinako Aginte Nazionalaren eta Tel Aviv-en arteko negoziaketak errespetatuko dituela.

Ariel Sharon erietxean dago gaur egun. Orain, Simon Peres da Ariel Sharonek zuzentzen zuen Kadima alderdi politiko berriaren "burua". Zein etorkizun aurreikusten diozu Kadimari?

Kalean, antzeman egiten da judu gehienek Kadima alderdia babesten dutela, eta jende askok, alderdi hori erdibideko aukera bakarra dela pentsatzen du.

Martxoaren 28an hauteskundeak egingo dira Israelen, zer gertatuko da?

Inkesta guztien arabera, Kadima alderdiak irabaziko ditu hauteskundeak. Halere, Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek iragarri du eskuduntzak emango zaizkiola Hamasi, eta erabaki horren ondorioz, inkestetan apur bat behera egin du Kadima alderdi politikoak. Hamasen garaipenarekin, Likud alderdi kontserbadoreak gorantz egingo zuela zirudien; baina, oraingoz, ez da halakorik gertatu.

Zein da Kadima alderdiaren helburua?

Aldebakartasuna defenditzen du Kadima alderdiak. Palestinarrekin batere negoziatu gabe,  juduek ospa egin zuten Gazatik, eta kito. Hain zuzen, jarrera horren aldekoa da israeldar gehiengoa. Bestalde, Palestinako hauteskundeak Hamasek irabazi dituenez, Israelen gehiengoak pentsatzen du, gaur egun, palestinarren artean, solaskide baliagarririk ez dagoela. Ikuspuntu horrek, Kadima alderdia indartu egin du.

Beraz, lehengo lepotik burua.

Hala da. Ez dut uste gauzak gehiegi aldatuko direnik. Israeldarrak Gazatik irten zirenean, komunikabideek Ariel Sharom bake-gizona eta progresista zela esan zuten; baina ez dugu ahaztu behar, orain arte, Israelek prozesu honetan emandakoa, huskeria izan dela.

1989an erori zen Berlingo harresia. Egun, aldiz, israeldarrak harresi erraldoia eraikitzen ari dira Zisjordania isolatzeko. Hagako Auzitegiak legez kanpokotzat jo duen harresi hori, noiz eroriko da?

Aurki amaituko dira harresi hori eraikitzeko lanak, eta juduak ez daude harresia botatzeko prest. "Harresi hori, bi etxeren lorategien artean eraikitako hesiaren modukoa" dela esan izan du gobernu israeldarrak. Harresiaren zatirik luzeena alanbre-hesia da, eta zati gatazkatsuenetan, aldiz, zementuzko horma eraiki dute.

Israelgo armadan, intsumisioak indarrik badu?

Intsumisioaren jarrera hori oso tokian tokikoa da, eta gazteen artean gertatzen ari da, gainera. Kontuan hartu behar da, Israelgo armadan traidoretzat dituztela aukera hori egiten dutenak. Soldaduska derrigorrezkoa da Israelen: gizasemeek hiru urte igarotzen dituzte soldaduskan, eta emakumeek, aldiz, bi.

Iraken atentatuak eguneroko kontua dira; Iran indar nuklearrarekin xaxatzen ari da; Hizbullah alderdia indartsu dago Libanon, eta Hamas sasoitsu dago Palestinan. George Bushek, AEBtako presidenteak, Ekialde Hurbilerako egindako kanlkuluak ez doaz oso ondo.

Bistan da, Bushen demokrazia ereduak Ekialde Hurbilean ez duela balio: Bush ez da ohartu, mendebaldean demokraziatzat hartzen den horrek, beste batzuentzat ez duela zentzu bera.

1974an, Nazio Batuen Erakundean egindako agerraldian, Arafatek diskurtso ospetsua egin zuen: "Esku batean olibondo adarra dakart, eta bestean fusila. Etzazue utzi, olibondoa erortzen"... gogoan duzu?

Oso esaldi polita da, baina errealitatearekin zerikusi gutxi du. Palestinarrei euren lurra kendu zieten, eta lur hori berreskuratzeko gorriak ikusten ari dira. Hala, 1967ko mugetara itzultzea da askoren ametsa. Hala ere, palestinarrek badakite nazioarteak euren alde ezer gutxi egin duela. Israeldarrek okupatutako lurraldeetan langabezi handia dago, eta gazte askoren amets bakarra, bidaiatzea, handik ateratzea eta mundua ezagutzea da, Gazan eta Zisjordanian kartzelan bezala bizi direlako. Esperantzarik ezak, fusila hartzera bultzatzen ditu gazte asko.

Mahomaren karikaturak direla eta sortutako tentsio egoerekin, kazetarien lana zaildu egin al da?

Karikatura horiek direla eta, europar kazetariekiko haserre handiagoa nabaritu dut palestinar gazteen artean, zaharren artean baino. Lehen, gazte palestinarrak askoz ere atseginagoak ziren gurekin. Ez dut beldurrik, baina ez da erraza hemen lan egitea.

Sinaiko hondartzak gogoan



Xabier Madariaga Jerusalemen bizi da gaur egun. "Oso hiri polita da, baina erlijiosoegia da, eta aukera gutxi dago jaia egiteko", dio gazte santutxuarrak. Ez da harritzekoa, beraz, Xabierrek Bilboko parrandak faltan antzematea.

Gaztetan, Radio Euskadi irratian aritu zen Xabier, eta albistegiak transkribatu eta grabatzeko ohitura hartu zuen, "nire burua grabatzen nuen; amak oraindik gordeta izango du zintaren bat", diosku barrez.Hamaika lekutan izana da Xabier. Esaterako, Bagdaden izan zen iparamerikarrek Irak inbaditu eta berehala. "Diktadura batetik irten berritan, okupatzailea etxean duen hiri izutu baten traza hartu nion Bagdadi". Irakeko tragedia, palestinarren jazarpena eta miseria… gauza latz asko ikusi ditu Xabierrek; hala ere, bere inguruan dena ez da tristura: Sinaiko hondartza "izugarri ederrak" gogoko ditu benetan.