Xabier Lete Nazioarteko Poesia Sarian parte hartzeko aukera

Xabier Lete Nazioarteko Poesia Sarian parte hartzeko aukera Abenduaren 5era arte aurkez daitezke gutxienez 500 lerro dituzten poesia lanak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-lete-nazioarteko-poesia-sarian-parte-hartzeko-aukera/@@download/image/foto-2-7-20-19-21-51-1.jpg
2021/09/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Abenduaren 5era arte aurkez daitezke gutxienez 500 lerro dituzten poesia lanak.
Xabier Lete Nazioarteko Poesia Sarian parte hartzeko aukera

Xabier Lete Nazioarteko VI. Poesia Sariaren deialdia abiatu dute eta 12.000 euroko zenbatekoa emango du Gipuzkoako Foru Aldundiak, kultura sustatzeko eta hedatzeko asmoz. "Garrantzitsua da Gipuzkoan erreferente izan diren sortzaileen memoria denboran zehar mantentzea, eta era berean, beharrezkoa da sorkuntza lan ildo horiei jarraipen bat ematea, horretarako sortzaile berriei laguntza eskainiz”, adierazi dute.

Nahi duten idazle guztiek har dezakete parte, edozein toki eta herrialdekoak, lan batekin edo gehiagorekin. Dena den, aurreko edizioetako irabazleek ezin izango dute parte hartu. Lehiaketarako lanak euskarazkoak izan beharko dira, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Gaia, neurria eta errima libreak izango dira eta gutxienez 500 lerro izan beharko dituzte lanek. 

Lehiaketan izena emateko eta lanak aurkezteko bide telematikoa erabiliko da soilik, Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatutako Nazioarteko Poesia Sariak web orriaren bidez abenduaren bostera arte. Sariaren irabazlea 2022ko martxoan jakinaraziko da.

Aurreko edizioetan honako hauek izan dira lan sarituak: Karlos Linazasororen Ezer gehiago behar gabe, Luis Garderen Eremuen birkalifikatzea, Asier Serranoren Linbotarrak, Juanjo Olasagarreren Ia hemen, eta Jon Gerediagaren Natura Berriak.