Xabier Badiola, Haizkan, Larrux eta Kulata taldeek parte hartuko dute Arkupehotsak-en seigarren edizioan
Musika eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea eta berau plazaratzea dira Kulturaz kooperatibak antolatzen duen Arkupehotsak ekimenaren helburuak, eta horri helduko diote seigarren edizioan ere. Xabier Badiola, Haizkan, Larrux eta Kulata taldeek parte hartuko dute bertan.
Taldeek Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremua erabiltzeko aukera izango dute, entseguak egin eta zuzenekoa prestatzeko. Gainera, talde guztiek bi formakuntza saio jasoko dituzte: teknikoa, Eñaut Gaztañagarekin, eta artistikoa, Lide Hernando eta Gartxot Unsainekin.
Azkenik, kontzertu bana eskainiko dute Sanagustingo arkupean. Otsailaren 25ean, Xabier Badiola eibartarra arituko da; martxoaren 24an, rock eta indie doinuak jorratzen dituen Larrux; apirilaren 28an, Haizkan, eta maiatzaren 26an, Kulatak.
