Xabi San Sebastianekin hasiko dute Donostiako Lagunekin Kantari ekimena

Xabi San Sebastianekin hasiko dute Donostiako Lagunekin Kantari ekimena Donostiar musikariak azken diskoko kantuak zein bere ibilbidekoak joko ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabi-san-sebastianekin-hasiko-dute-donostiako-lagunekin-kantari-ekimena/@@download/image/INTX_Xabi_San_Sebastian_artikulua.jpg
2024/05/02
Donostiar musikariak azken diskoko kantuak zein bere ibilbidekoak joko ditu.
Xabi San Sebastianekin hasiko dute Donostiako Lagunekin Kantari ekimena

IZBEk, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak, eta Donostia Kulturak euskal kantuen ikastaroa abiatu zuten 2001ean, taldean kantatzeko ohitura, galtzen ari zena, berreskuratu nahian, eta, bide batez, auzoan euskal giroa bizkortu nahian, euskaldunak euskaldunekin jarduera ludiko baten bidez harremanetan jarrita. Hurrengo urtean, ikasto bukaera tarteko, Lagunekin Kantari programa sortu zuten. Aurten ere Lagunekin Kantari programa antolatu dute IZBE-Intxaurrondo Kantuz eta Donostia Kulturak. 

Xabi San Sebastianek emango dio hasiera maiatzaren 13an, Intxaurrondo Kultur Etxean, 19:30ean. Kantautore donostiarrak Betazalak izeneko bere bostgarren diskoko eta bere ibilbideko hainbat kantu emango ditu bikote formatu akustikoan.

Maiatzaren 20an, berriz, honako hauek arituko dira: Ander Barrenetxea, Claudine Arhancet, Ibon RG, Marie Hirigoyen-Bidart, eta Pantxix Bidart. Larrotxene Kultur Etxean izango da, 19:30ean.

Etxekoekin Kantari ekimena egingo dute maiatzaren 27an, Intxaurrondo Kultur Etxean, 19:30ean. Donostiako kanta taldeetako lagunak izango dira protagonista, aulkitik oholtzara pasata. Etxekoak etxekoentzat kantari izango dira.

Azkenik, maiatzaren 31n, Kantujira izango da, Larrotxeneko plazatik abiatuta, 19:00etan. Auzoan zehar ibiliko dira.