'Xabi Hoo'-ren alter egoa ezagutzen duzu?

'Xabi Hoo'-ren alter egoa ezagutzen duzu? https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2018/08/01

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Argazkia: @Karobiphoto

'Xabi Hoo'-ren alter egoa ezagutzen duzu?

Xabier Benito Angulo (Bilbo, 1989) izen-abizenen atzean ‘Xabi Hoo’ Enkore musika taldeko abeslaria dago. Bere ezizenaren istorioak beste elkarrizketa baterako ematen du, beraz, zentratu gaitezen uretara lotuta mantentzen duen zaletasunean...

 

• Benetako surflaria zara ala Instagramen azaltzeko ibiltzen zara taula besapean?
Egia da uda garaian jende askok surf egiten duela itxura egiteko, baina nire kasuan aspalditik datorren zaletasuna da. Momentu batean obsesioa izatera iritsi zen!

• Noiz hartu zenituen lehenengo olatuak?
Txikitan bodyboard egiten hasi nintzen kortxoarekin, 8-10 urte nituela. Gero surfera pasa nintzen eta udan Sopelako hondartzan ibiltzen nintzen kuadrillako lagunekin.

• Eta neguan? –erantzunaren arabera jakingo dugu lehengo galderan egia esan duen ala ez–.
Neguan aitak eramaten ninduen kotxez surf egitera. Koitadua... Zortzi gradutan hantxe egoten zen bera bakarrik, barandatik begira... Txistu egiten zidanean etxera joateko momentua iritsi zela esan nahi zuen eta uretatik irteten nintzen.

• Zein uretan ibiltzen zara gustuen?
Askotan Kantabriarantz joaten naiz, han badira hondartza batzuk ez daudenak hain masifikatuak.

• Nolakoa da zure surf taula?
Batzuk dauzkat, baina kuttunena duela urtebete kapritxoz egindakoa da, zuria eta berde kolorekoa.

• Kapritxoz?
Bai, neurrira egindakoa da eta nire gustura diseinatuta.

• Zein da zure erreferentziazko surflaria?
Orokorrean ez naiz batere idolozalea, baina txikitan Kelly Slater jainko bezala ikusten nuela aitortu behar dut.

• Gogoratzen al duzu hartutako olaturik onena?
Bai, Landetan izan zen Hossegor inguruan, duela pare bat urte. Lagun bat eta biok ginen eta sesio oroigarri bat izan genuen. Interneteko bideoetan agertzen diren tutu moduko olatuak hartzen ibili ginen... Baina biok bakarrik egonda, inork ez zuen ikusi!

• Sustorik izan al duzu inoiz?
Ufa, askotan! Kontua da beldur gutxi diodala itsasoari, gutxiegi... eta txikitatik hain lotuta sentitzen naiz itsasoari konfiantza gehiegiz sartzen naizela uretara.

• Itsasoa inspirazio iturri handienetakoa izanik, abestiren baten letrak okurritu zitzaizkizun olatu perfektuaren zain zinen bitartean...
Bai, hala da. Gogoratzen dut lehenengo diskoko Itsasoaren bestaldean kantua adibidez, Kaliforniako Venice Beach-en olatuak hartzen nituen bitartean etorri zitzaidala burura.

• Bi hitzetan itsasoa zuretzat zer den esan beharko bazenu...
Bi hitzetan baino, hirutan esango nuke. Itsasoa niretzat da: dana-dana-dana!


• Noren Alter Egoa ezagutu nahiko zenuke?
Pila bat gustatuko litzaidake Gorka Urbizuk musikarekin zerikusia ez duen bestelako zaletasun edo bitxikeriaren bat ezagutzea. Oso tipo hurbilgaitza dirudi eta pila bat miresten dut.