Xabi Bandini: "Hunkitu egin naute sortutako abestiek"

Xabi Bandini: "Hunkitu egin naute sortutako abestiek" Kerobia, Anticontinente, eta azkenik, Xabi Bandini. Introspekziorako bidea egin du abeslari iruñarrak; musika betiko uzteko tentazioak deituta, kontrako norabidean amaitu du, bere barnearekin konektatuz musikari esker. Bandinik hitz batekin deskribatzen du aurten osatutako bidaia hori: nahikotasuna. Emaitza, ostegun honetan, hilak 4, argia ikusiko duen disko berria da: 'Begibakar'. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabi-bandini-hunkitu-egin-naute-sortutako-abestiek/@@download/image/03-Begibakar.jpg
2018/10/02
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Kerobia, Anticontinente, eta azkenik, Xabi Bandini. Introspekziorako bidea egin du abeslari iruñarrak; musika betiko uzteko tentazioak deituta, kontrako norabidean amaitu du, bere barnearekin konektatuz musikari esker. Bandinik hitz batekin deskribatzen du aurten osatutako bidaia hori: nahikotasuna. Emaitza, ostegun honetan, hilak 4, argia ikusiko duen disko berria da: 'Begibakar'.
Xabi Bandini: "Hunkitu egin naute sortutako abestiek"

Zerk eraman zaitu bakarkako bidea hartzera?

Ez da erabaki kontzientea izan. Duela urtebete inguru Madrilera bizitzera etorri nintzen, eta 29 metro koadroko pisuan sartu nintzen nire tramankulu guztiekin. Pixkanaka, pareta horien babesean konposatzen hasi nintzen, kantuak ateratzen... eta konturatu nintzen hunkitzen ninduela bertan sortzen ari zenak. Blog bat irekitzea erabaki nuen (aurretik halakorik egin gabea nintzen), eta bertan eskegi nituen sortutako lan berri horiek. Beranduago Gor diskoetako Patxi Goñirekin elkartu nintzen Lavapiesen, eta material horrekin zerbait egin behar genuela erabaki genuen.

Kerobia, Anticontinente eta orain, Bandini; etapa berri bati ekin diozu?

Egia esan, ez dakit zer gertatuko den etorkizun luzean. Duela urtebete esan izan balidate puntu honetan izango nintzela, ez nuen sinetsiko. Musika uzteko ideia bueltaka nuen buruan; erabat nahastua nengoen. Kontua da Kerobia zein Anticontinenterekin proiektua irudikatu genituela lehenik, ondoren konposatzen hasteko; oraingoan, prozesua erabat alderantzizkoa izan da, eta oso polita izan da. Helburu finkorik gabe konposatu dut, egiten nuena gustatzen zitzaidalako, eta sormen prozesuan hunkitu eta egiten ari nintzena nahikoa zela ulertzen ikasi dut. Hori da aurten  barneratu dudan hitz garrantzitsuena: nahikotasuna.

 

29 metro koadrotan konposatutako diskoa izanik, zer nolako musika entzungo dugu?

Madrilgo pisua ez da estudio bat, noski; bizilagunak ditut, eta beraz, ezinezkoa zen zarata gehiegi ateratzea. Horregatik, bertan sortu ditudan abestiak apalak eta xamurrak dira, txikiak, lauak eta orekatuak. Akustikoan sortu ditut, osagai elektronikoen laguntzarekin. Modu apalean sortutako diskoa da, parafernalia askorik gabe.

'Begibakar' izendatu duzu lan berria; izaki mitologikoak zer esan nahi du zuretzat?

Diskoak Begibakarren istorioa kontatzen du, hiru kapitulutan; desagerpena, bidaia eta aurkikuntza deskribatzen ditu. Ez da soilik elementu estetiko bat; bertan geldituko dira batzuk, baina sakondu nahi duenak nire barrenean egin ditudan hausnarketak ere topatuko ditu.

Modu apalean sortutako diskoa da, parafernalia askorik gabe.

Diskoak istorio bat kontatzen du beraz?

Hori da, hiru elementutan banatutako istorioa litzateke; gizakiaren erretratua, bisontea eta begia. Pertsonaiaren transmutazioa narratzen du: gizakia pasioz beterik dago, eta bisonte bihurtzen doan heinean, bizitza era lasaiagoan ikusi dezake. Begia berriz, leiho bat da; epaitu gabe begiratzen du transmutazio hori. Amaieran, begibakarra dago; gizaki horrek bere izaera onena bereganatzen duen heinean, piztia modukoan bihurtuko da.

Sakona dirudi lan honekin osatu duzun hausnarketa.

Izugarri hunkitu naiz kantu hauek sortzen, negar egitera iritsi naiz. Dena den, ez dut nire buruan oinarritutako istorioa eraiki nahi izan, gehiago izan da nire ikuspuntu eta hausnarketak irudikatzen modua.

ingurukoen espektatiben esklabo nintzela ohartu naiz, eta horrek zure sormenari balioa ematen galarazten dizu

Konposatzea indar terapeutikoa dela aipatu izan duzu; diskoak zerbait sendatzen lagundu ote dizu?

Esango nuke bizi garela gaixo samar. Ni neu, ingurukoen espektatiben esklabo nintzela ohartu naiz, eta horrek zure sormenari balioa ematen galarazten dizu, sortu duzun horrekin hunkitzeko gaitasuna galduz. Eta hori da, hain zuzen sormenaren helburu nagusia; ondoren beste batzuk ere hunkitzea lortzen baduzu, lan borobila egin duzun seinale!

Musika uzteko tentazioak izan dituzula aipatu duzu; goizegi ote etorkizunaz hitz egiteko? Kerobiaren bueltarik ikusiko ote dugu?

Ate guztiak irekita uzteko asmoa daukat, baina ez nago etorkizun luzeari begiratzeko moduan. Pentsa, Anticontinenterekin geundenean ziur nintzen sekula ez nuela bakarkako lanik egingo... Beraz ez dakit zer gertatuko den; gauzak datozen moduan hartuko ditut. Oraintxe, kaleratu berri den bideoklipak ingurukoen artean izan duen harrera onaz disfrutatzen nabil, eta diskoa kaleratzeko irrikaz nago. Hilaren erdialdean aurkezpen txiki bat egingo dut Iruñean, eta gerora, ikusiko dugu!